Aiaraldeko Berehalako Jarduera Plana "azkartzeko" mozioak aurrera egin ez izana deitoratu du EH Bilduk

Txabi Alvarado Bañares 2025ko eka. 4a, 07:20

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren batzarkidea, mozioaren eztabaidaren une batean. / EH Bildu

Batzar Nagusietako osoko bilkuran eztabaidatu zen talde subiranistaren mozioa, baina Elkarrekin Arabaren babesa jaso zuen soilik. 

Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planaren jarraipenak desadostasunak sortu ditu berriro Arabako Batzar Nagusietan. EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen iragan asteazkeneko osoko bilkuran, plana "azkartzeko, orain arte egindakoa zehatz-mehatz baloratzeko eta eman beharreko urratsak herritarrekin eta tokiko udalekin adosteko". 

Baina proposamenak Elkarrekin Arabaren babesa baino ez zuen jaso, talde subiranistak berak salatu duenez. Hori deitoratu du EH Bilduren batzarkide taldeak, prentsara bidalitako ohar baten bidez

Komunikatu horretan azaldu dutenez, eskualdeko egora sozioekonomikoa "ez da asko aldatu EH Bilduk berak Aiaraldeko egoerari buruz Eusko Legebiltzarrean ponentzia bat egitea proposatu zuenetik". Gainera, ordutik hona hainbat "enpresa handi" itxi direla nabarmendu dute, "Glavista, Valvospain edo Guardian bezalakoak". 

Horregatik, planaren funtsak "egingarriak diren ekimenetara" bideratzea eskatu zuen EH Bilduk mozioan, "ekimen horiek Aiaraldeko udalekin batera zehaztuz" eta "balorazio-txosten bat" ere osatuz, "plana gauzatzeak eta hura ezartzeak eskualdeko ekonomian eta ongizatean izango dituen ondorioak jasotzeko". 

Ildo beretik, EH Bilduk defendatu du eskualdeko udalak direla eskualdeko egoera sozioekonomikoa "ondoen ezagutzen dutenak", eta horregatik defendatu dute tokiko erakundeen parte hartzea. Oposizioko taldearen aburuz, une honetan indarrean dagoena "amaigabeko ekintza-plan bat" bihurtu da, eta "Aiaraldeak ezin du gehiago itxaron". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide