Kultur eta jatorri aniztasuna ardatz dituen filma laburra estreinatuko du Luis Vilek asteazken honetan, Helduen Hezkuntzako Ikastegiarekin elkarlanean

Txabi Alvarado Bañares 2025ko eka. 3a, 21:59

None
None
None
None
None
None

Helduen Hezkuntzako Ikastegietako ikasle zein langileak agertuko dira pantailan, fikzionatutako istorio bat gorpuzten. 

Ekitaldi berezia egongo da bihar (ekainak 4) Amurrio Antzokian. Juventud que no se atreve estreinatuko dute, Luis Vilek zuzendutako filma laburra. Bost minutu inguruko ikus-entzunezkoa izango da, Laudio eta Amurrioko Helduen Hezkuntzako Ikastegiekin (HHI) batera grabatutakoa.

Hezkuntza zentro horretako kideak izan ziren Vilengana jo zutenak. "Bertako irakasleek garatu zuten hasierako planteamendua, eta ni sartu nintzen gero, gidoiari forma emateko", azaldu du Amurrioko zinemagileak. Protagonistak aukeratzea, lokalizazioak topatzea eta gidoia entseatzea izan ziren hurrengo urratsak. Eta, azkenik, grabaketa. Martxoaren 22 eta 23ko asteburuan egin zuten errodajea. 

Bost minutuko filma laburra ekoiztu dute, benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat kontatzeko. 

Benetako gertakarietan oinarrituta dago bihar antzokiko pantailan proiektatuko dena, lokalizazioak eta pertsonai batzuk fikzionatu dituzten arren, "istorioa zinema formatura eraman ahal izateko". Vilen hitzetan, HHIn ikasten duten pertsonen errealitatea du ardatz kontakizunak, begirada jarriz ikasleen artean dauden baliabide ezberdintasunetan. Hala azaldu du pelikularen zuzendariak: "Baliabide gutxiago dituzten pertsonek, baliabide gehiago dituztenen aldean, ikasteko borondate handiagoa dute etorkizun hobea lantzeko, eta migratzaileen kasuan, gizartean eta kulturan errazago integratzeko". 

Vilek badu esperientzia aktore ez profesionalekin lanean, duela zenbait urte Flores de papel filma ekoiztu baitzuen Asasamekin elkarlanean. Hala ere, bere hitzetan, "nahiko emozionantea" izan zen grabaketa prozesua, bertan parte hartu zuten aktoreak ez direlako inoiz jarri kamara baten aurreran, eta hazkuntza prozesu bat bizi izan dutelako pertsonaiei bizitza eman ahala. Horrez gain, zinemagileak nabarmendu du protagonista nagusietako bat emakume arabiar bat dela, eta "lorpen kolektibotzat" jo du emakume horrek "bere buruarekin eta bere ingurunearekin" eginiko ahalduntze lana, agian "ate bat ireki" dezakeelako "arabiar jatorriko migratzaile askorentzat". 

HHI zentroen jarduna jendarteratzea ere badu helburu filmak. "Neurri batean, oso jende gutxik ezagutzen ditu", azaldu du Vilek, eta aldarrikatu du horrelako ikastetxeek balio dutela "bigarren aukerak" emateko, eta baita kultura eta belaunaldi anitzeko kideak batzeko ere. 

Arratsaldeko zazpietan izango da biharko estreinaldia. Proiekzioaren ostean, zineforuma egingo dute bertaratutako kide guztien artean, eta zuzendariak berak egingo ditu dinamizatzaile lanak. Ondoren, Internetera igoko dute pelikula, jende ororentzat ikusgai egon dadin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide