Larunbat honetan mobilizazio nazionala egingo du Gure Esku Dagok Bilbon. Zein da ekimenaren helburua? Zergatik da garrantzitsua bertaratzea?
Patri Aldama: 12 urte daramatzagu ekimen ugari egiten, herria mobilizatzen. Larunbat honetakoa beste mobilizazio bat da, baina guretzat oso garrantzitsua da. Herri libre baten aldeko ekimen polita izango da, eta aiaraldear zein euskal herritar guztiak gonbidatzen ditugu bertaratzera.
Jose Mari Gutierrez: Patrik esan duen bezala, 12 urte daramatzagu dagoeneko, eta 12 urte hauetan gauza asko gertatu eta aldatu dira. Aldatzen dira errealitate eta aukera politikoak… gauza asko aldatu dira, baina aldatu ez dena da Gure Esku Dagoren izaera, helburu estrategikoak eta baloreak. Gure izaerarekin, gure helburu estrategikoari begira eta gure baloreekin antolatu dugu larunbat honetako mobilizazio nazionala.
"Gauza asko aldatu dira, baina aldatu ez dena da Gure Esku Dagoren izaera, helburu estrategikoak eta baloreak"
Jende gehienak jakingo du zer den Gure Esku Dago. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu herritarra da, eta duen helburua da Euskal Herriko lurraldeetan etorkizun politikoa erreferendum baten bidez erabakitzea. Eta gure baloreak betikoak dira: guztiz demokratikoak, guztien parte hartzea nahi dugu, oinarri baketsuetan oinarrituta.
Larunbat honetako leloak gauza guzti horiek laburbiltzen ditu: “Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki”. Pentsatzen dugu garaia dela dagoeneko aurrera egiteko, garena aldarrikatzeko, nazio aitortza elkarrekin eskuratzen laguntzeko (larunbateko mobilizazioa horretara bideratuta dago ere). Garaia da herri libre eta burujabe bat izan nahi dugula argi uzteko. Askok jakingo dute, baina argiago utzi behar dugu. Burujabetzari dagokionez, uste dugu ziklo berri bat ireki behar dugula, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko, Euskal Herriko lurralde guztien batasuna lortuta.
Larunbat honetakoa inflexio puntu bat da, beraz.
P.A.: Izatea nahi dugu, hori da gure helburua. Gero parlamentuetan erabaki beharko dute zer egin. Zazpi probintziak ez gaude egoera berean, eta adostu beharko dugu, adostu beharko dute noraino heldu, zer abiadurarekin…
J.M.G.: Badirudi batzuetan atzera goazela aurrera joan beharrean, baina ezkorrak bagara ez dugu ezer egingo. Azken hilabeteetan ekimen honekin nik uste dut ideiak eta nahiak berpiztu direla kalean. Aurreko asteburuan eztabaida nazional bat egon zen Ficoban, hainbat jenderen parte hartzearekin: sindikatuak, politikariren bat, kulturako jendea… ni ez nintzen bertan egon baina, entzun dudanez, gauza interesgarri ugari aipatu zituzten, kontuan hartzekoak.
Iragan azaroan, aldiz, egun osoko bideo maratoia egin zen. Guk, Aiaraldekook, bat prestatu genuen, orain arte egin duguna eta egin nahi duguna azaltzeko.
Larunbat honetakoa igarota, zer ekimen dituzue pentsatuta Aiaraldeko Gure Esku Dagotik?
Maribel Mendibil: Oraindik ez dugu ezer prestatuta. Larunbat honen ostean planifikatu egin beharko dugu zer egin datozen urteetan.
J.M.G: Urtero egiten dugu elkarretaratze bat Oletako landetan, 2017tik. Baina aurten indar guztiak jarri behar izan ditugu larunbat honetako mobilizazioan, eta bi datak oso hurbil daude elkarrengandik. Horregatik erabaki dugu aurten ez egitea. Baina Gure Esku gehiago garatu behar da hemen, hori argi dago. Aiaraldeko herri guztietara heldu beharko genuke. Uste dut indarra galtzen joan garela 2017-2018 urteetatik hona, ez dakit COVIDaren pandemiagatik izan zen. Hori berpiztu behar dugu.
Nola gonbidatuko zenituzkete aiaraldearrak larunbat honetan Bilbora joatera?
P.A: Egun oso jaia izango da. Egunean zehar hainbat ekintza egongo dira, Alde Zaharrean batez ere, eta gero La Casillatik abiatuko da mobilizazioa, Bilboko Udaletxeraino. Hori da gonbidapen nagusia, 17:30ean.
M.M: Trenei dagokionez, 16:05ean aterako da horretarako trena Urduñatik, Amurriotik 16:11ean eta Laudiotik 16:24ean. Animatzen zaituztegu bertan parte hartzera.