Hirugarren urtez antolatu du BDSKoop Eraldaketa Fabrikak printzipio kooperatiboak saritzeko Kooperatuz lehiaketa. 1.500 euroko bi sari banatu ditu elkarteak, barnera begirako printzipio kooperatiboen kategorian bata, eta kanpora begirakoenean bestea. Azken hori eskuratu du Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak, Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren atzean dagoen entitate juridikoak.
Komunitate eta kooperatibekiko lankidetza eta interesa
Baina, zer dira zehazki aipatutako printzipio kooperatibo horiek? Bada, kanpora begirako printzipio kooperatiboen atalean, hezkuntza, informazioa eta prestakuntza; komunitatearekiko interesa eta kooperatiben arteko lankidetza hartu dituzte kontuan. Aiaraldea Kooperatiba Elkarteari "Komunitate eta kooperatibekiko lankidetza eta interesa" saria eman diote, eta "komunikazio-proiektu herritarra, Aiaraldeko garapen sozial eta ekonomikoan errotua" izatea baloratu dute horretarako.
Hain zuzen ere, Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen ibilbidearen hastapenetatik 15 urte betetzen dira aurten, alegia, 2010. urtean Aiaraldea Komunikazio Leihoa eskualdeko euskarazko komunikabidea Amurrioko plazan aurkeztu zutenetik.
Geroztik, ugari izan dira emandako urratsak, eta proiektua garatzen eta hazten joan da, bizitzako esparru guztietan aiaraldearrek euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzeko helburuarekin.
"Komunikazio-proiektu herritarra, Aiaraldeko garapen sozial eta ekonomikoan errotua" izatea goraipatu dute Aiaraldea Kooperatiba Elkarteari saria ematerako orduan.
Lan eta hausnarketa askoren ostean, eta behin Aiaraldea 2015-2020 Gogoeta Estrategikoa amaituta, irabazi asmorik gabeko kooperatiba izatera pasa zen elkartea 2017an, eta horrekin batera egun Faktoria kokatua dagoen pabilioia erosi zuten.
Bertan lanean dabiltza gaur egun 20 bat langile eta bazkide zein boluntario ugari, proiektuaren balioak zazpi lan ildotan egikaritzen: Aiaraldea Komunikabidea, Kokoriko Hezkuntza ildoa, Kultur Faktoria, Komunika komunikazio agentzia integrala, Subete eta Ekonomatua proiektuak Elikadura Burujabetzaren baitan, Bor-Bor Feminismo elkartea eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea.
Tantai Baso Jabe Kooperatiba ere saritu dute
Barnera begirako printzipio kooperatiboen kategorian, sarrera librea eta borondatezkoa, kudeaketa demokratikoa, parte-hartze ekonomikoa, autonomia eta independentzia hartu dituzte kontuan. "Euskal Herriko paisaia eraldatzeko anbizioa duen" Tantai Baso Jabe Kooperatibari eman diote "Izaera demokratikoari" saria. Kasu honetan, kooperatiba horrek "hezkuntza eta komunitate-proiektuetan" duen "ikuspegi transbertsala eta parte-hartzailea" goraipatu dute.
III. edizioa, EAE osora irekia
Hiru urtez banatu ditu BDSKoopek sari hauek. Lehenbiziko urtean, Behe Bidasoako kooperatibak eta lan sozietateak saritu zituzten. Bigarrenean, Gipuzkoa osokoak hartu zituzten kontuan; eta aurten, EAEko hiru lurraldeetara ireki dute lehiaketa.
Elkarteko kideek adierazi dute horrek "ikuspegi globalagoa izateko eta proiektu errotu, integratzaile eta eraldatzaileak ezagutzeko aukera" eman diela. Parte hartzaile guztiak zoriondu nahi izan dituzte, nahiz eta bi bakarrik saritu, "kalitate handiko proiektu ugari" ezagutzeko aukera izan baitute.