Arartekora jo dute, "Osakidetzak ez dielako osasun sistema publiko eta duinaren aldeko 5.646 sinadurei erantzun"

Erredakzioa 2025ko eka. 24a, 17:16

SOS Aiaraldeko hainbat kide, Arartekoaren Bilboko egoitzaren aurrean. / SOS Aiaraldea

Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan. 

Arartekora jo dute SOS Aiaraldearen baitan antolatutako osasun sistema publiko eta duinaren aldeko asanbladako kideek. Izan ere, salatu dutenez, iragan ekainaren 12an sei hilabete bete ziren iaz bildutako 5.646 sinadurak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan entregatu zituztenetik. "Urte erdi honetan ez dugu inolako erantzunik jaso osasun erakunde publikoaren partetik", nabarmendu dute. 

Gogorarazi dutenez, iazko udazkenean abiatu zuten sinadura bilketa eskualdean, lau aldarri zehatz hauekin: 

  1. Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetako ordutegi eta txanda guztietan bermatzea beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietako osasun profesionala, baita medikuak ere. Era berean, eskualdean dauden Osakidetzako gainerako azpiegituretan ere behar diren giza baliabide guztiak uneoro bermatzea eskatzen dugu.
  2. Laudioko anbulantzia medikalizatuko (SVA) txanda guztietan beharrezkoak diren osasun profesional guztiak bermatzea, medikuak barne.
  3. Osakidetzaren oinarrizko asistentzia-zerbitzuak bermatzea.
  4. Buru Osasunerako Zentroko arreta arina izatea, psikiatra zein psikologoagatik artatuak izateko itxaron zerrendak murriztuz.

Kanpaina horrek "arrakasta nabarmena" izan zuela aldarrikatu dute, 5.646 sinadura fisiko bildu zituztelako guztira. Behin Osakidetzan entregatuta, hilabeteko epea eman zioten erakunde horri erantzun bat emateko; baina, salatu dutenez, oraindik ez dute ezer jaso. 

Mozioa Amurrioko Udalean

Horrez gain, SOS Aiaraldeko kideek beste dinamika bat ere dute esku artean. Mozioak aurkezten ari dira eskualdeko Udaletan, tokiko erakundeek ere bere egin ditzaten goian aipatutako lau aldarriak. "Laudion martxoan onartu zen mozioa, EH Bildu eta Omniaren aldeko botoekin", gogorarazi dute. 

Ostegun honetan (ekainak 26), aldiz, Amurrioko Udalbatzan eztabaidatu eta bozkatuko da proposamena, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide