Osakidetzaren eskuetan utzi dituzte "osasun sistema publiko eta duinaren alde" Aiaraldean bildutako 5.646 sinadurak. Eskualdeko zenbait bizilagun Gasteizera joan dira gaur eguerdian, eta osasun erakundearen zerbitzu zentraletan entregatu dituzte atxikimendu guztiak.
Adierazi dutenez, hilabeteko epea eman diote erakundeari erantzun bat jasotzeko, eta ziurtatu duten "eskualdean borrokatzen" jarraituko dutela bien bitartean.
Urriaren hasieran abiatu zuen SOS Aiaraldeak sinadura bilketa eskualdean. Aldarri zehatzak jarri zituzten mahai gainean:
- Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetako ordutegi eta txanda guztietan bermatzea beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietako osasun profesionala, baita medikuak ere. Era berean, eskualdean dauden Osakidetzako gainerako azpiegituretan ere behar diren giza baliabide guztiak uneoro bermatzea eskatzen dugu.
- Laudioko anbulantzia medikalizatuko (SVA) txanda guztietan beharrezkoak diren osasun profesional guztiak bermatzea, medikuak barne.
- Osakidetzaren oinarrizko asistentzia-zerbitzuak bermatzea exijitzen dugu, herritarrok zerbitzu horietarako eskubidea baitugu.
- Eskatzen dugu Buru Osasunerako Zentroko arreta arina izatea, psikiatra zein psikologoagatik artatuak izateko itxaron zerrendak murriztuz. Buru osasun arazoak dituzten pertsonek eskubidea dute kalitatezko arreta jasotzeko.