10 milioi euro baino gehiago zor diete Aiaraldeko zortzi enpresek ogasunari

Txabi Alvarado Bañares 2025ko uzt. 2a, 07:00

Autoglas-Glavista lantegiaren atzean dagoen entitate juridikoa iaz sartu zen Arabako zordun handien zerredan. / Aiaraldea.eus

Ez da eskualdeko enpresa edo pertsona berririk gehitu Aldundien zerrendetara, baina zorra handitu egin da, igarotako denboraren ondorioz.

10.826.474,66 euroko zorra dute pilatuta guztira Aiaraldeko zortzi enpresek ogasunarekin. Hori ondorioztatu daiteke Bizkaiko zein Arabako Foru Aldundiek osatutako zordun nagusien zerrendak begiratuz gero.

Berez, iaztik hona ez da eskualdeko zordun berririk gehitu zerrendetara, baina zorra handitu egin da. Izan ere, zorra kitatzeko mugimendurik egin ezean, automatikoki handitzen da kopurua, interesak eta berandutzeak gehitzen direlako.

Hemen ikusi daitezke zordun guztiak:

 

Iaz hiru enpresa berri sartu ziren zordun handien zerrendetan, bertan agertzeko gutxieneko langa milioi bat eurotik 600.000 eurora jaitsi zelako.

Laudioko Ramon de Urquijo S.A. izan zen enpresa horietako bat. Instalazio elektrikoak egiteaz arduratzen zen konpainia hori, 2014an disolbatu zen arte. Gaur egun 787.696,76 euroko zorra du pilatuta ogasunarekin.

Likidazio fasean dago baita Nuevo Diseño LAO S.A.. Higiezinen salerosketan jarduten zuen Urduñako enpresa horrek, eta une honetan 740.684,66 euroko zorra du Bizkaiko Foru Aldundiarekin.

Iaz hiru enpresa berri sartu ziren zordun handien zerrendetan, bertan agertzeko gutxieneko langa milioi bat eurotik 600.000 eurora jaitsi zelako. Beste bost enpresek, aldiz, urte ugari daramatzate zordun handien artean. 

Tratamientos y Transf. Materiales Metalurgicos S.A. ere sartu zen iaz zerrendan, eta 744.291,90 euroko zorra du pilatuta uneotan. Enpresa horrek harreman zuzena du zordunen zerrendan agertzen lau urte daramatzan Recuperación de Materiales Industriales enpresarekin, jabeak berdinak zirelako. Remai laburdurarekin da ezagunagoa lantegi hori eta Murgan kokatuta dago. 36 behargin zituen, baina itxita dago aspaldi, hartzekodunen lehiaketan. Une honetan 1.263.674,29 euroko zorra du Arabako Foru Aldundiarekin.

Horrez gain, iaz beste enpresa esanguratsu bat sartu zen Arabako zerrendan: Autoglas Opco BM S.L., Autoglas-Glavista lantegiaren atzean dagoen entitate juridikoa. Gaur gaurkoz 1.655.882,92 euroko zorra du ogasunarekin.

Zordun ez hain berriak

Aiaraldeko gainontzeko zordunek, aldiz, urte ugari daramatzate Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundien zerrendetan agertzen. Somolsa Sociedad de Materiales Orduña Laboral S.A.L. enpresak 2.541.099,41 euroko zorra du pilatuta, eta ez du inoiz itzuliko: 2004. urtean itxi zituen ateak, eta ordainketak etenda ditu orduz geroztik. Gaur egun, Sabadell bankua eta Elkargi finantza-entitatea dira fabrikaren lursailaren jabeak. Gainera, eraikinaren zati handi bat behera erori zen 2022an, lapurrek metalezko estrukturaren hainbat zati eraman dituztelako.

BM & Alessio Investments S.L. enpresa unipertsonala 2021ean batu zen zerrendara, eta 1.114.932,33 euroko zorra du pilatuta. Duela 12 urte sortu zen enpresa, 3.016 euroko kapital sozialarekin, eta Saratxoko poligonoan du egoitza soziala. Akzioen salerosketara dedikatzen da eta Eduardo Alessio Alves da administratzaile bakarra.

Bukatzeko, Ruben Bravo Gonzalezen kasua dago. Enpresari horrek 1.978.212,39 euro zor dizkio Arabako Foru Aldundiari. Lau enpresa ditu Bravok bere izenean: Iridytrio S.L, Platinorumba S.L, Activos por impuestos diferidos S.L eta Agricola Nini S.L. Lehen hirurek Laudioko Jose Mardones kaleko etxebizitza batean dute egoitza fiskala. Laugarrena, aldiz, Kantabriako Valdeolea herrian dago. Dena dela, guztiek dute antzeko ekonomia-jarduna: higiezinen eta aktiboen salerosketa.

SPM del monte S.A-k, 8,2 milioi euroko zorra

Bukatzeko, ezin da aipatu gabe utzi SPM del monte S.A-ren kasua. Enpresa hori ez da Aiaraldekoa berez, baina 1.411 metro karratuko pabilioi industriala zuen Urduñan. Espazio hori enkantean atera zuten 2003. urtean, konpainia likidatu zenean. Ordutik hona, beti agertu da sozietatea ogasunaren zerrendan. Gaur egun 8.238.081,46 euroko zorra du pilatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide