Atzo ELA sindikatuak jakinarazi zuenez, EAEko Auzitegi Nagusiak Guardian eta Parter Capitalen enpresak kondenatu ditu kaleratutako Autoglas-Glavistako beharginen kalte-ordainak euren gain hartzera. Edonola ere, horrek ez du esan nahi langileek zor zaizkien 18,5 milioi euro horiek berehala kobratuko dituztenik.
Alegia, Guardian taldeak helegitea aurkezteko bidea hartu dezake Espainiako Auzitegi Gorenean, baina kasu horretan 18,5 milioi euroko depositua egin beharko luke Madrilgo epaitegian.
ELAko ordezkariek uste dute helegiteak ez duela ibilbide luzerik egingo, baina prozesuak beste urte erdi edo gehiago iraungo luke. "Euren helegitea arrakastatsua izateko, Glavistaren sententziaren kontrakoa esaten duen epaia topatu beharko lukete, baina egoera berean dauden enpresak ez dira asko eta hemen gertatutakoa argia da", azaldu dute sindikatuko ordezkariek.
ELAko ordezkariek uste dute helegiteak ez duela ibilbide luzerik egingo, baina prozesuak beste urte erdi edo gehiago iraungo luke.
Langileek ez dute ezer kobratu
Autoglas-Glavista itxi zutenetik, langileek ez dute diru sarrerarik izan ez Guardian, ez Parter Capital ez Fogasaren aldetik. Are gehiago, Autoglas-Glavistak zenbait soldata utzi zituen ordaindu gabe eta atzoko epaiak aurrera eginez gero, ELAk iragarri du soldata horiek ere exijituko dizkiola Guardiani: "Hori beste sei edo zazpi milioi izango lirateke eta agian kalte ordain gehiago salatuko genituzke, gertatutakoa aintzat hartuta".
Langileen ordezkari batek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari behargin gehienek 60.000 eta 80.000 euro arteko kalte ordainak jaso behar dituztela, gutxi batzuek gehiago kobratuko badute ere.
Horrez gain, iturri sindikalek aipatu dute pena izugarria izan dela Guardian konpainiako langileek enpresarekin adostu izana salaketarik ez jartzea Laudioko enpresaren itxierari dagokionez, salaketa bateratua egiteko aukera baitzegoen.