Kultur sorkuntza Aiaraldean

Uda hasiera kulturaz zipriztintzeko, Faktoriako Sormen Beken Jaialdia

Erredakzioa 2025ko uzt. 2a, 14:00

Goizane Rodriguezen artelan bat, Sormen Beken Jaialdiaren aurreko edizioan. / Aiaraldea.eus

Bihar aurkeztuko dituzte Nagore Tamayok, Natalia Albenizek, Julen Zubietek eta Rlantzek Sormen Bekari esker garatutako proiektuak, 19:00etatik aurrera, Faktorian.

Udaberrian esleitu zituen Kultur Faktoriak urtero sormen-proiektuak babesteko banatzen dituen bekak. Orduz geroztik Rlantz, Nagore Tamayo, Julen Zubiete eta Natalia Albeniz euren sormen prozesuetan lanean egon dira, eta horien emaitzak aurkeztuko dituzte bihar, Faktorian egingo den jaialdian.

Ekitaldia 19:00etan abiatuko da (18:30ean irekiko dira ateak) eta hilabeteotan garatutako prozesu kreatiboak ezagutzeko parada izango dute bertaratzen direnek. Antolatzaileek aurreratu dutenez, biharko hitzordua "topaketa eta ospakizuna izango da", udari gogotsu ekiteko aukera paregabea. 

Sarrerek hiru euroko prezioa izango dute Faktoriako bazkideentzat eta bost eurokoa bazkide ez direnentzat. Aldez aurretik erosi daitezke, hemen, eta jaialdiaren hasieran bertan erosteko aukera ere egongo da.

Hainbat diziplina lantzen dituzte jaialdian parte hartuko duten lau artistek, eta horrek ukitu berezia emango dio biharko arratsaldeari: arteaz, bere osotasunean, gozatzeko eta hausnartzeko izango dute publikoak zein artistek. Izan ere, mahainguru batekin emango diote hasiera egitarauari, eta lan bakoitzaren ostean (edo aurretik) sortzaileekin solasteko tartea egongo da ere bai.

Aurkeztuko diren sormen lanei buruz gehiago jakin nahi? Bada, jarraitu irakurtzen, hauxe duzue-eta biharko jaialdian eskainiko denaren aurrerapena:

Natalia Albeniz · Arte plastikoak
Menditik ibili, uretan sartu 

Proiektu honen bidez, hausnartu nahi da banaka eta kolektiboki, gure nortasunaren eraikuntzan naturguneekin elkarreraginak daukan rolari buruz. Jolasaren, behaketaren eta ikusmenaz haraindiko ia zentzumen guztien bidez gertatzen den elkarrekintza.

Julen Zubiete · Ikus-entzunezkoak
Argi-jolasak

Ikus-entzunezko lan esperimental bat da. Proiektuaren behin-behineko izenburuak ongi definitzen du zein den proiektuaren asmoa esperimentazio lan honekin: jolastea. Jolasa ikasteko modurik onena bezala ulertzen du Julenek eta oraintxe bertan argiarekin jolastu nahi du; argia esperimentatzeko “jostailua” izan dadila.

Nagore Tamayo · Dantza eta kantua
Nolako zura, hileta bat inozentziari

Dantza garaikidea, jotak eta sampleak biltzen dira hemen, ama-alaba harremanaren arrakaletatik inozentzia hil, eta errealitateari pastel koloreak kenduz.

Rlantz · Musika
Uhinen dantza

Proiektua musika elektroniko atmosferiko eta esperimentalaren esparruan kokatzen da. Soinu-esperimentazioa oinarri hartuta, sintetizadoreak eta efektu analogikoak erabiliko dira, ehundura aberatsak eta giro sakonak sortzeko. Nahiz eta instrumentalizazioak pisu handiagoa izan, euskarazko ahotsak ere erabiliko dira zenbait abestitan. Gainera, zuzenean eskaintzeko moduan arreta berezia jarriko da, efektu gehienak eta zenbait melodia zuzeneko interpretazioan sartzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide