Alaitz eta Maider, Anje Duhalde eta Tapia eta Irati Arcelus ekarriko ditu Urmugak Baranbiora uztailaren 12an

Aitor Aspuru Saez 2025ko uzt. 5a, 10:00

Alaitz eta Maiderrek joko dute Baranbion, besteak beste. / Saioa Gauilunak (Flickr)

Urmuga mendi ibilaldi musikatua Aiaraldean abiatuko da Euskal Herria zeharkatzeko.

Urmugak Euskal Herria zeharkatzen du mendebaletik ekialdera, Kantauri eta Mediterraneo itsasoetara urak banatuta. Ideia hori hartuta, izen bereko mendi ibilaldi musikatuaren edizio berria helduko da Aiaraldera uztailaren 11n eta 12an, eta hitzordu bereziak utziko ditu. Esaterako, Araban egingo den kontzertu nagusia Garrastatxun izango da hilaren 12an 18:30ean. Alaitz eta Maider, Leturia eta Irati Arcelus, Anje Duhalde, Et Incarnatus Orkestra, Fede de Dios eta Pirata igoko dira oholtzara eta 20 euro balioko du sarrerak.

Post by @aiaraldea@tkm.eus
View on Mastodon

Edonola ere, ekitaldi hori garrantzitsua izanik, egitarau zabalagoa ekarriko du egitasmoak eskualdera. Hain zuzen, uztailaren 11n abiatuko dute ibilaldia goizeko bederatzietan Anguloko mendatean eta Txapela Bravak hiru abesti joko ditu hasieran. Mendizaleek Txarlazo Mendi Taldeko kideen laguntza izango dute. Horrela, Gorobel osoa zeharkatu eta 17:00etan Antiguako Santutegira helduko dira. 

Ordu horretan Aitor Aspuru panderojolearekin eta Lander Txato trikitilariarekin batuko dira eta handik kalejiran joko dute Foru plazaraino, non harrera egingo dieten adarren soinuekin, Erauntsi Dantza Taldeko kideen agurrarekin eta Getxa Goi txistularien musikarekin.

Uztailaren 12an Baranbion

Hurrengo egunean Urmugak Aiaraldean jarraituko du eta 13an Ereñozarren bukatuko dute. Dena den, arestian esan bezala, uztailaren 12an urrezko agurra izango du ekimenak eskualdean. Hain zuzen, Garrastatxun Alaitz eta Maider, Leturia eta Irati Arcelus, Anje Duhalde, Et Incarnatus Orkestra, Fede de Dios eta Pirata musikariek joko dute 18:30ean. Sarrerak ekimenaren webgunean eskuratu daitezke 20 euroren truke. 

Ekimena uztailaren 31ra arte luzatuko da Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Zuberoan, esaterako. Eñaut Elorrieta, Maixa eta Ixiar edota Joseba Sarrionandia izango dira ekimenaren bidelagunak, hainbat artisten artean.

Urmuga eta Aiaraldea

Urmugaren bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta Aiaraldea behin baino gehiagotan zeharkatu du. Alegia, aurtengoa ez da ekimena eskualdetik abiatuko den lehen aldia izango. Aurreko edizioetan Ponatan eta Garrastatxun (duela bi urte) eta Gorobelen egon da, adibidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide