Arabako Foru Aldundiak uztailaren 2an jakinarazi zuen, Eusko Jaurlaritzak egin bezala, aurretiko baimena eman diola Larragorriko zentral eolikoari. Erabakia garrantzitsua da Foru erakundeak ontzat eman dituelako Green Capital Energyren argudio eta neurri guztiak eta aurkeztutako alegazio guztiak baztertu dituelako. Edonola ere, ez da prozesuaren amaiera.
Izan ere, hemendik aurrera presioa Orozko, Laudio eta Amurrioko Udalen gain egongo da. Orozkoko lurraldeak lau aerosorgailu jasoko lituzke eta Laudiokoak bat. Amurrion, aldiz, errotek (200 metroko altuerakoek) behar dituzten bestelako azpiegiturak eraiki nahi dituzte.
Hirigintza araudiarekin bateraezina, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformaren iritziz
Foru Aldundiaren komunikazioaren arabera, Green Capital Energyk espero du baimen guztiak lortzea Plan Berezia osatzean, baina Aiaraldeko Mendiak Bizirikek salatu du, berez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) aldatu ezean, Larragorriko zentral eolikoak hirigintza araudiak urratzen dituela Orozkon zein Laudion.
"Bost aerosorgailuek okupatzen dituzten lursailak paisaiaren babes bereziko eremuak dira, hortaz, ezin da bertan eraiki", aipatu du plataformak.
Horri gehitu behar zaio Orozkoko Udalak berak adierazi duena behin baino gehiagotan, hau da, egitasmo energetikoak ez duela legedia betetzen. "Ezin dugu lizentzia hori eman, HAPOren kontrakoa delako. Bizkaiko Foru Aldundiaren ondorioa bera izan da", azaldu zion Aingeru Olaguenaga Iza zinegotziak Aiaraldea Komunikabideari.
Neurri zuzentzaileak
Larragorriko proiektuak alegazio ugari jaso ditu erakunde eta elkarte mordoren aldetik, baina enpresak iradokitako neurri zuzentzaile guztiak onartu ditu Arabako Foru Aldundiak, nahiz eta, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Kalitateko Zerbitzuak zentralaren kontrako txostena idatzi eta esan proiektua ez dela bideragarria ingurumenaren aldetik.
Eusko Jaurlaritzako Ondare Naturaleko eta Aldaketa Klimatikoko zuzendaritzak ere ez du nahikotzat jo hegazti babestuen esparruan Green Capital Energyk proposatutako neurriak.
Neurri "absurdoak"
Larragorriko inguruetan hiru espezie babestu bizi dira: sai arrea, miru gorria eta sai zuria. Sai zuriaren presentziak hainbat proiektu eten ditu Espainiako Estatuan, baina Arabako Foru Aldundiak neurri anitzak proposatu ditu hori ekiditeko eta Aiaraldeko Mendiak Bizirikek ez du zalantzarik izan horiek "absurdotzat" jotzeko.
Izan ere, animaliek aerosorgailuen kontra jo ez dezaten, Aldundiak iradoki dio Green Capital Energyri errotak gelditzea maiatzaren 1etik irailaren 31ra bitartean, urtero, ilundu baino ordubete lehenago, eta berriro piztu argitu eta lau ordu igaro arte, baldin eta tenperatura hamalau gradu azpikoa bada, euririk edo lanbrorik ez badago eta errotorraren altueran haizearen abiadura sei metro ordukoa edo gutxiagokoa bada.