Emaitza positiboak bata bestearen atzetik pilatzen jarraitzen du Tubacexek. 2025eko lehen sei hilabeteetako ondorio ekonomikoak plazaratu berri ditu multinazionalak. Zehaztu duenez, 361,4 milioi eurotan baloratutako salmentak egin ditu denbora tarte horretan, 15,6 milioi euroko mozkin garbiak eskuratuta.
Gainera, enpresak aipatu du 1.400 milioi eurotan baloratutako eskaera-zorroa duela pilatuta, "balio erantsi handiko produktuen pisu garrantzitsuarekin".
Modu horretan, urte honetarako aurreikuspen positiboa mantendu du multinazionalak, "zuhurtasuna" erakutsi duen arren, "egoera global ezegonkorragatik".
"Muga-zergen guda" ere aipatu du enpresa taldeak, eskaeren sarrera geldotu duela aipatuta. Hala ere, multinazionalak ez du uste Donald Trumpen politikek asko eragingo diotenik, Estatu Batuetan "presentzia industrial garrantzitsua" duelako.