Tubacexek ez du 2023an aplikatutako igoera mantendu bere administrazio kontseiluko kideen eta goi-kargudunen soldata eta dietetan. Azken urteetako igoera handiena aplikatu zuen multinazionalak 2022tik 2023ra bitartean, orotara 4.396.000 euro ordaintzetik 10.447.000 euro ordaintzera pasatuta.
Iaz, aldiz, 5.512.000 euro banatu zituen guztira zuzendaritzako kideen artean. Hau da, aurreko urtean baino gutxiago, baina 2022an baino gehiago. Hala ikusi daiteke enpresak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren webgunean plazaratutako txostenean.
Administrazio kontseiluko kideek 1.846.000 euro jaso zituzten guztira 2024an, aurreko urtean 3.690.000 jaso zituzten bitartean. Hala ere, kontseilari gehienen soldatak igo egin ziren.
Izan ere, Jesus Esmoris Esmorisek egon zen saltorik handiena. Tubacexeko kontseilari delegatuak 2,6 milioi euro jaso zituen guztira 2023an, eta iaz 805.000 euro baino ez.
Hemen ikusi daiteke azken urteetako diru banaketen bilakaera kontseilariz kontseilari:
Hala ere, kontuan hartu behar da kontseilarietako asko akziodunak ere badirela, eta Tubacexen asmoa dela aurten 25 milioi euro banatzea dibidenduetan.
Goi kargudunek, 3,6 milioi euro
Multinazionaleko goi kargudunek ere 2023an baino diru gutxiago jaso zuten iaz. 3.656.000 euro banatu zituzten hamaika kideren artean, aurreko urtean baino 3,1 milioi euro gutxiago.
Goi-kargudun hauen artean banatzen dute diru hori:
- Manuel Sarabia Figueroa Hr Corporate Director And Md Trading And Services
- Anton Azlor Villa Commercial Corporate Director
- Iker Azkargorta Viteri Managing Director Big Pipes&Fittings
- Diego Herrero De La Torre Innovation Corporate Managing Director
- Guillermo Ruiz-Longarte Perez Chief Financial Officer
- Javier Lorenzo Santiago Managing Director Americas
- Celestino Danis Basurko Managing Director Steel&Extrusion
- Miguel Gomez Lacabex Oim And M&A Director
- Ajay Sambrani Asia&Middle East Managing Director
- Juan Antonio Gomez-Cordobes Mueller Tubacex Middle East Manager
- Ana Lopez De Mendoza Laburu Risks And Internal Control Manager
Langileen soldatak, 2021tik izoztuta
Itxura guztien arabera, 2023an eman zen igoera salbuespenezko zerbait izan zen, eta oso lotua egon zen Jesus Esmoris Esmorisek jaso zuen diru estrari, besteak beste. 2024ko datuak 2022koekin alderatzen badira, aldiz, igoera gradual bat mantendu dela ikusi daiteke.
Aiaraldeko lantegietako beharginek, aldiz, 2021tik daramate soldatak izoztuta, hala adostu baitzuten zuzendaritzarekin urte horretako grebaren amaieran, 150 lankide ez kaleratzearen truke. Hain zuzen, aurten negoziatu beharko dituzte lan baldintza berriak.