ApAfAi elkarteak zozketa solidarioa egingo du, eta zabalik dago ekarpenak egiteko aukera

Maider Ramirez Martin 2025eko abuztuaren 11

Autismoa duten haurren alde eginiko ekintza baten irudia. / Barren

Eskualdean autismoa duten pertsonei eta beren familiei laguntza-baliabideak ematea da elkartearen xedea.

Apirilean jaio zen ApAfAi elkartea, autismoa duten pertsonei eta familiei bizi-kalitatea hobetzeko behar dituzten baliabideak eskuratzeko orduan dituzten zailtasunekin laguntzeko. Zozketa solidario bat antolatu dute finantzazioa lortzeko, eta eskualdeko merkatari, autonomo eta ekintzaileei luzatu diete ekarpenak egiteko deia.

Laguntza-neurriak urrunegi

Elkartearen helburu nagusia da irtenbidea ematea autismoa duten pertsonek euren ongizaterako behar dituzten zerbitzu, baliabide eta jarduerak eskualdean ez egoteak dakartzan zailtasunei. Izan ere, horietako asko ez daude eskualdean bertan, baizik eta Gasteizen, eta horrek hainbat modutan eragiten die erabiltzaileei.

Alde batetik, Araba osoko itxaron zerrenda luzeetan sartu behar dira, eta hori ez da beti erraza izaten. Gainera, leku batetik bestera mugitu behar izateak gastuak areagotzen ditu, eta ordutegien baterazintasunak batzuetan bideraezina egiten du egoera.

Elkartearen helburu nagusia da irtenbidea ematea autismoa duten pertsonek euren ongizaterako behar dituzten zerbitzu, baliabide eta jarduerak eskualdean ez egoteak dakartzan zailtasunei.

Izan ere, lehen APNABIk ematen zituen zerbitzu horiek eskualdean, baina 2024ko abenduan hainbat familiek salatu zutenez, elkarte bizkaitarrak hori egiteari utzi zion, Bizkaiko Foru Aldundiak uko egin ziolako probintziatik kanpoko familiei ematen zaien arreta finantzatzeari. 

Zozketarako ekarpenak, igandera arte

Gauzak horrela, bere jarduera finantzatzen jarraitzeko asmoz, zozketa solidario bat antolatu du ApAfAik. Eskualdeko saltoki eta enpresei zuzendu zaie, ekarpenen bidez zozketan parte har dezaten. 

Horretarako bi modu daude. Alde batetik, zerbitzu- edo gastu-bonuak eman daitezke. Bestetik, dohaintza ekonomikoa egin daiteke zuzenean, Bizum bidez (614649376) edo banku-transferentzia bidez. Azken aukera horretarako, Caixabankeko ES69 2100 4135 16 2200252030 kontu-korrontean egin beharko da dohaintza (IFK: G22458806).

Igandera arte, abuztuak 17, dago modu batean edo bestean laguntzeko aukera. Informazio gehiago nahi izanez gero, apafai.3a@gmail.com helbidera, 614649376 zenbakira, edo albiste honi atxikitutako dokumentaziora jo daiteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide