Atzo bertan abiatu zuen Garbialdi enpresak Arabako paper eta kartoi hondakinen bilketa, Daorje enpresarekin batera kontratua lagatzeko prozedura amaitu ondoren. Hala adierazi du Saray Zarate Garapen Ekonomiko eta Iraunkortasuneko foru diputatuak, eta foru erakundeak "kalitatezko zerbitzua bermatuko duen irtenbide bat bultzatzeko" konpromisoa hartu duela azpimarratu du, "kontratuaren baldintzak errespetatuz eta herritarren arreta hobetuz".
Atzotik aurrera eta hurrengo zortzi urtetan arduratuko da, beraz, Garbialdi enpresa zerbitzua emateaz, bai eta horri atxikitako baldintza teknikoen pleguan jasotako konpromiso guztiak errespetatzeaz ere.
Izan ere honako egiteko hauek hartzen ditu barne esleipenak: hondakinen bilketa eta kudeaketa egitea bere instalazioetan, baskula duen azpiegiturarekin; Arabako zirkuituan dauden 1.080 edukiontziak berritzea, eta karga bertikalekoak, automatizatuak eta bi aldeetatik erabilgarriak jartzea; eta horien mantentze lanak eta konponketak egitea hala dagokionean, besteak beste.
Horretaz gain, jasotako paper eta kartoiaren karakterizazioak egin beharko ditu Garbialdik urtero, jarraipen txostenak igorri, edukiontzien eta ibilgailuen ibilbideen inbentario-erregistro eguneratua mantendu eta ibilgailuak lokalizazio gailuekin hornitzearekin batera.
Daorje enpresari erreleboa
Uztailaren 16an jakinarazi zuen Aldundiak orain arte zerbitzuaz arduratzen zen Daorje enpresak hori emateari utziko ziola, eta hainbat zigor espediente ireki zizkiola zerbitzua behar bezala ez kudeatzeagatik.
Egoera horren atzean dagoena zera da: langileek, denbora luzez hamar orduko jardunak egiten egon ostean, planto egin eta gehienezko jarduna zorrotz errespetatzea erabaki zutela. Lana, hortaz, pilatuz joan zen, enpresak ez baititu behargin berriak kontratatu.