Aiaraldeko Mendiak Bizirik hasi da Ferosca I zentral eolikoaren Plan Bereziaren kontrako estrategiak proposatzen

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 11

Ferosca I proiektuaren kontrako sinadura bilketa Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak sustatuta./ Aiaraldea

Plataformak aitortu du Arabako Foru Aldundiak abiatutako prozeduraren kontra ezin dela ezer egin, momentuz, baina hurrengo pausoetan mobilizazioa eta legedia baliatzea proposatu du.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak hausnarketa hasi du jadanik Ferosca I zentral eolikoaren Plan Bereziaren kontra. Taldeak aipatu du Foru Aldundiak piztutako prozedurari ezin zaiola inolako alegaziorik aurkeztu, baina pentsatzen hasi dira estrategia hurrengo urratsetan makroproiektu energetikoa gelditzeko.

Hain zuzen, plataformak zehaztu du plan hori behin betiko onartzeko fasean aukera egongo dela alegazioak aurkezteko. Horren aurrean jadanik egindakoak berriro baliatzeko bidea egingo dute eta animatuko dute elkarte, Administrazio Batzar eta auzokide interesdun orori informazioa eskatzen. Halaber, mobilizazio kolektiboa aktibatzeko beharra azpimarratu dute.

Epaitegira jotzeko aukera ez dute baztertzen

Aiaraldeko Mendiak Bizirikek aipatu du dauden tresna guztien erabilera ikertuko duela eta horrek suposatzen du aukera dagoela epaitegira jotzeko administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren bitartez. 

Berez, plataformak gaineratu du Aiarako zein Laudioko Udalek uko egin diotela Plan Berezia izapeditzeari argudiatuta hirigintza eta antolamendu araudiarekin bateraezina dela. Taldeak azpimarratu du 2/2006ko Lurzoru eta Antolamendu Legearen 92. artikuluak exijitzen duela plan bereziek jadanik existitzen den araudia errespetatzea.

"Aldundiak Plan Berezia izapidetu dezake, baina ezin du, inondik inora, antolamendu tresnak eta udal araudiak aldatu. Hori egingo balu bere eskumenak gaindituko lituzke", adierazi du plataformak.

Taldeak bide gehiago ikusten ditu Ferosca I proiektuaren kontrako jarduna elikatzeko eta, besteak beste, gogoratu dute benetako parte hartze herritarra bermatu behar duela Aldundiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide