Arte Hartze zikloa ostiralean abiatuko dute Faktorian, Aiaraldeko zein Euskal Herriko hainbat sortzailerekin

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 25a

Faktorian egingo dituzte jarduera gehienak, baina kanpoan ere egongo dira ekintzak. Esaterako, Mikel Ayllon Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideak ibilbide kulturala egingo du igandean Amurrion.

Aiaraldeko Kultura Faktoriak Arte Hartze zikloaren edizio berria abiatuko du bihar eta horren berri emateko agerraldia egin dute Amurrion. Ixiar Garcia Faktoriako kideak eta Mikel Ayllon sortzaileak parte hartu dute eta tokiko zein Euskal Herriko hainbat artista erakarriko dituen egitasmoaren berri eman dute.

Garciak aurtengo egitaraua "ospakizuntzat" jo du, Aiaraldea proiektuak hamabost urte bete baititu. Jai luze horretarako diziplina anitzak jorratuko dituzte: sorkuntza digitala, dokumentala, arte plastikoak... Eta horren adibide da Mikel Ayllonek aurkeztu duen ibilbide kulturala. 

Hitzaurrea izendatu dute lan hori Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak. Funtsean, igandean 12:00etan Amurrioko Kultura Etxera bertaratzen direnei ibilaldia proposatuko diete, baina aurikularren bitartez entzuten dutena jarraiki. Ayllonek azaldu du norberak erabakiak hartu beharko dituela, zein bide hartu hautatzeko.

Erakusketa eta podcasta

Bihar bertan 19:00etan Asier Handy eta Biitxi artistek erakusketa inauguratuko dute Faktorian. Udan egin zuten biek egonaldi sortzailea pabiloian bertan eta urriaren 30era arte egongo da aukera bisitatzeko.

Aldi berean, Urbanbat taldeak Ez zurean, ez nirean podcasta grabatuko du ordu berean. Saio horretan gazteei eta hirigintzari buruz hausnartuko dute.

Ines Osinaga, Ane Labaka, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita

Arestian aipatutako musikari eta bertsolariek Hezurberriak bertso saio musikatua eskainiko dute urriaren 19an 18:00etan, 12-15 euroren truke. 

Poema hautatuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak
tartekatuko dituzte. Hezur berriak poema liburua haurdunaldian eta erdiondoko lehen hilabeteetan idatzitako testu txatalekin dago osatuta eta amatasunaren ertzez, anbibalentziez, kargez eta esanezinez dihardu.

Enarak frankismoaren kontra

Urriaren 30ean 18:00etan hitzordu bitxia hartuko du Faktoriak. Izan ere, Enarak taldeari buruzko dokumentala proiektatuko dute. Rock psikodelikoko talde hori 1967an sortu zuten eta Frankismoarekin talka izan ostean, 1971n desagertu zen. Zer gertatu zen une horretan eta hurrengo hamarkadatan argitzen du ikus-entzunezkoak.

Joseba Irazoki

Azaroaren 13an 18:00etan musika izango da berriro ardatza, baina kasu horretan Joseba Irazokirekin musika emanaldia eta solasaldia egingo dute Faktorian.

Arte Eman Festa

Zikloari urrezko itxiera emateko, Arte Eman Festa ospatuko dute azaroaren 22an eta zita horretan Faktorian egon diren artista egoilarrak eta beka jaso dutenak Aiaraldeko komunitatearekin batuko dira solasaldi batean, euren sorkuntzak partekatu eta gero.

Libe Estebaranzek antzerki eraldatzailea izango du hizpide, Oscar Pascual 'Petra'-k, aldiz, dantza erakustaldia egingo du, Gontzal Royuelak Ximurrak antzeztuko du eta Jone Amezagak eta Manu Gaignek musika eta dantza uztartuko dituzte.

Horrez gain, Paula Urquijo, Leire Sanjurjo, Alberto Fernandez eta Eneritz Artetxek ere parte hartuko dute emanaldi horretan. Gainera, antolatzaileek aurreratu dutenez, aurten Aiaraladea proiektuaren 15. urtemuga dela eta, eskualdeko artistei eskaintza berezia egingo zaie.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide