Ostiral honetan egingo duzue Faktorian Ez zurean, ez nirean ekimena, zertan datza?
Ez zurean, ez nirean Urbanbatek ekoitzitako podcast ibiltaria da: sei atalen bidez, gazteen bizipenak eta hirigintzarekin zein arkitekturarekin duten harremana aztertzen ditugu, eguneroko espazio arruntetatik abiatuta (gela, etxea, beheko solairuko lokalak, espazio publikoa, eta abar), elkarrizketak eta zuzeneko musika uztartuz.
Podcasta UrbanbatFest-en 14. edizioaren barruan kokatzen da. Jaialdia arkitekturari, hiriari eta kulturari buruzko gogoeta eta ekintza publikoetarako espazio bat da, eta lurralde-ikuspegi kritikoa zein komunitatean oinarritutako praktikak lehenesten ditu.
Aurten, gazteen bizipenak eta ahotsak erdigunean jarri nahi izan ditugu, lurraldearen diseinuko erabakietatik kanpo geratzen direlako gehienetan. Horrek dakartzan ondorioei buruzko gogoeta zabaldu nahi izan dugu. Izan ere, lurralde-plangintza eta arkitektura tradizionala, oro har, produktibitatea eta kontsumoa lehenesten dituzten eredu funtzionalistetan oinarritzen dira, gazteen eguneroko esperientziak eta praktika kulturalak bazterrean utzita. Igarobideak diseinatzen dira —etorbideak, garraio-geltokiak, lantokiak—, baina ez egonaldiak. Logika horrek gazte nerabeen beharrak kanpoan uzten ditu.
"Aurten, gazteen bizipenak eta ahotsak erdigunean jarri nahi izan ditugu, lurraldearen diseinuko erabakietatik kanpo geratzen direlako gehienetan"
Hiri benetan inklusiboak eraiki nahi baditugu, hiri-arkitektura ikuspegi kritiko eta propositibo batetik birpentsatu behar dugu, egungo eredua gainditzeko aukera posibleak irudikatuz. Gazteak hiri-plangintzan eta arkitektura-espazioen diseinuan sartzea ez da soilik justizia sozialeko ekintza bat, baizik eta berritzeko aukera ere. Haien begiradak ez daude paradigma tradizionalek baldintzatuta, eta horrek aukera ematen die alternatiba erabat desberdinak irudikatzeko.
Nolakoa izango litzateke gazteen esperientzietatik eta nahietatik abiatuta diseinatutako hiria edo herria? Nola eralda ditzakete beren praktika espazialek espazio publikoa? Zein paper izan dezake arkitekturak gazteak onartu eta ahalduntzen dituen hiri bat eraikitzeko? Horiexek dira aurten planteatzen ditugun galderak.
Faktoria aukeratu duzue ostiraleko ekimenerako, zer dela eta? Espazio horretan egiteak zer nolako eragina izango du ekimenaren ezaugarritzean?
Aiaraldeko Kultur Faktoria periferia-ingurunean kokatutako espazioa da: jatorriz industria-erabilerarako eraikitako eraikin batean, aurreikusitako erabilera aldatu eta kultura, komunitatea eta ekonomia soziala uztartzen ditu. Izaera hori, eta bertan garatzen den proiektu hibridoa, guretzat oso erakargarria da.
Gainera, irratsaioa hiri-guneetatik gune periferikoetara atera nahi genuen: hemen egiten denak ez du “kanpoko” izaera; lurraldearen bihotza ukitzen du. Azpiegitura erreal batean neurtzen dugu kultur espazio baten funtzionamendua (irisgarritasuna, malgutasuna, erabilera anitza, artea eta kultura sortzeko baldintzak…).
Kultura-eskubideak bermatzeko espazioak interesatzen zaizkigu: kontsumorako soilik pentsatuta ez dauden espazioak; ekoizteko, ikasteko, elkartzeko eta sareak ehuntzeko lekuak. Autonomia eta ekimena ahalbidetzen dituzten espazioak: eskala txikian lan egiten dutenak, frogak egiteko eta esperimentatzeko aukerak eskaintzen dituztenak; topagune bihurtzen direnak, zaintza-dinamikak praktikan jartzen dituztenak…
Faktorian egiteak, beraz, saioaren izaera indartzen du: eduki kritikoa + praktika errealak + komunitate-konexioa.
"Faktorian egiteak, beraz, saioaren izaera indartzen du: eduki kritikoa + praktika errealak + komunitate-konexioa"
Ezberdintasun asko sumatzen dituzue hiritik landa eremura salto egiterakoan gazteen arkitekturarekin eta hirigintzarekin harremantzeko duten moduan?
Hirian eskaintza handia eta dentsitate handia dago, baina frikzio handia ere bai: etxebizitza garestia, espazio publiko oso programatuak eta hauek bereganatzeko tarte txikia. Ibilbideak laburrak dira, baina denbora gutxi dago eskuragarri, eta presio normatibo zein ekonomikoak gazteen eguneroko autonomia mugatzen du.
Periferian edo landa-ingurunean, berriz, gidoia aldatzen da: espazio gehiago eta auzokideen arteko hurbiltasun handiagoa dago, baina mugikortasunaren eta ordutegien menpe zaude. “Denbora-distantzia-aurrekontua” agintzen du sarritan: garraio fidagarririk edo ibilbide segururik gabe, autonomia gal daiteke, batez ere gauez, eta horrek generoaren araberako eragin desberdinak ditu. Aldi berean, erabilera mistorako eta eraldaketa txikietarako aukera gehiago agertzen dira: lokalak berrerabiltzea, hutsuneak aktibatzea, autokonponketarako irtenbide sinpleak…
"Ez da 'hobe edo okerrago'. Lurraldea hirien eta landen arteko jarraipen gisa ulertu beharko genuke, erantzun kokatuak eskatzen dituena"
Ez da “hobe edo okerrago”. Lurraldea hirien eta landen arteko jarraipen gisa ulertu beharko genuke, erantzun kokatuak eskatzen dituena. Hirian, dagoena malguago bihurtu eta bizitza urbanoaren esparru guztiak desmerkantilizatzeko bideak bilatu behar dira; kanpoan, berriz, bizitza arrunterako oinarrizko zerbitzuak bermatu (janaria, etxebizitza, osasuna, hezkuntza, kultura, mugikortasuna…). Bi kasuetan, gakoa da diseinua pertsonak eta aniztasuna erdigunean jarriz egitea, eta hor gazteek, gainerako herritarrek bezala, asko dute esateko.
Nori zuzendutako jarduera da ostiral honetakoa? Edozein pertsona bertaratu daiteke?
Saioa irekia da, arina, atsegina, dibertigarria, edo behintzat hori bilatzen dugu; edonork har dezake parte. Hala ere, bereziki gazteak, kultur eragileak, arkitektura eta hirigintza arloko profesionalak, hezitzaileak eta udal-teknikariak interpelatzen ditu; eguneroko espazioak eta politikak eraldatzen dituzten pertsonak, azken batean.
Guretzat, hirigintzaz eta arkitekturaz hitz egitea bizitzaz hitz egitea da: etxebizitzen prezioak eta tipologiak, espazio publikoaren segurtasuna eta erabilgarritasuna, kultura-azpiegituren kokapena, mugikortasun-denborak, zaintza-sareak… Horregatik, saio hauek pedagogikoak ere badira: hizkera ulerterrazean, adibide errealekin eta musika-tarteekin, entzutea errazten duen erritmoan.
Helburua da jendeak argi sentitzea honek zerikusia duela bere egunerokoarekin, eta etxera itzultzea burua piztuta eta ideia praktiko batzuekin, frogatzen dutenak bestelako arkitektura eta hirigintza inklusiboagoak eta iraunkorragoak posible direla.