Palestinaren aldeko lanuzte orokorrak oihartzuna izango du Aiaraldean

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko urriaren 15a

Elkarretaratze zaratatsuak egingo dituzte Aiaraldeko udaltxeen aurrean. / Aiaraldea.eus

Palestinako herriaren aldeko lanuzte orokorra deitu dute Euskal Herriko sindikatu eta eragileek, eta mobilizazioek oihartzuna izango dute Aiaraldean. Aiaraldea Komunikabideak protesten jarraipenera mugatuko du bere jarduna.

Palestinako herriaren aldeko lanuzte orokorra deitu dute Hego Euskal Herriko sindikatu eta eragileek biharko. Genozidioarekin harreman oro eten eta Israelen isolamenduan sakontzea izango da eguneko aldarrikapen nagusia, "Palestinarekiko konpromisoa" azpimarratuz. Modu horretan, azken hilabeteetako mobilizazio olatuari segida ematearen beharra aldarrikatu dute lanuzte orokorraren deitzaileek.

Gauzak horrela, hiru eta lau orduko lanuzteak egingo dituzte bihar Aiaraldean. Hiru orduko lanuzteak izango dira LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek deituak, eta ordubete luzeagoak ELA sindikatuak deitutakoak. Lanuzteak hiru txandatan banatuko dira; goizaldean, eguerdian eta iluntzean. Hezkuntza zentroena izango da salbuespena: toki horietan egun osoko greba deitu dute, maila guztietan.

Lanuztearekin bat eginez, mobilizazioak iragarri dituzte bihar goizean Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Eskualdetik deialdi ugari antolatu dituzte deialdi horietara bertaratzeko. Laudioko hezkuntza komunitateko kideek, esaterako, 10:30etan jarri dute hitzordua Laudioko tren geltokiko plazan. Elkarretaratzea eta argazkia egingo dituzte bertan, eta Bilbora bertaratzeko trena hartuko dute jarraian.

Burrunbak udaletxeen aurrean

Arratsaldean herri eta eskualdeetako mobilizazioek hartuko dute protagonismoa, eta Aiaraldean ere izango dute oihartzuna. Gernika-Palestina herri ekimenaren deialdiarekin bat eginez, elkarretaratze zaratatsuak egingo dituzte eskualdeko zenbait udaletxeren aurrean:

  • Urduña: 19:00etan Foru Plazan
  • Artziniega: 19:30ean udaletxe aurrean
  • Amurrio: 19:30ean Juan Urrutia plazan
  • Laudio: 19:30ean Herriko plazan
  • Orozko: 19:30ean Zubiaur plazan

Herrietako mobilizazioak iraun bitartean komertzioak ixteko proposamena luzatu dute Artziniegako, Amurrioko eta Laudioko merkatari elkarteek.

Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak bat egin du lanuzte orokorrarekin. Palestinaren aldeko mobilizazioen jarraipena egitera mugatuko dira Aiaraldea Komunikabideko kazetariak, eta horren berri baino ez du emango. Faktoria, aldiz, itxita egongo da arratsaldez, eta ez da atelierrik egongo. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide