EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eraman du Renfeko C-3 lineako zerbitzuaren egoera, zeinak Bilbo eta Urduña lotzen dituen tren bidez.
Zehazki, koalizioak Mugikortasun Sailburua den Susana Garcia Chueca PSE-EEko ordezkariari hainbat galdera egin dizkio argitzeko zein den Basaurin egiten ari diren obren plangintza, noiz arte luzatuko diren lanak eta ea irauten duten bitartean neguko ordutegia betetzeko bestelako proposamenak egingo dituzten.
“Gaur egun, Aiaraldean C3 lineak eskaintzen duen zerbitzua funtsezkoa da langile zein ikasleentzako. Hori dela eta, eskatzen dugu lehenbailehen ohiko ordutegiak eta maiztasunak berreskuratzea kalitatezko garraio publikoa bermatu ahal izateko”, adierazi du Amancay Villalba EH Bilduko legebiltzarkideak.
Koalizioak honakoa gaineratu du: "C3 Urduña-Bilbo linea funtsezko garraio publikoko zerbitzua da, eta pertsona askok erabiltzen dute, bereziki ikasleak eta langileak. Baina urtarriletik uda bitartean C3 lineak 147 tren zerbitzu baditu, orain 102 baino ez daude".