Eusko Jaurlaritzak C-3 lineako trenen kopurua %30ean murriztu duela salatu dute erabiltzaileek

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 14a

Aiaraldearrek erabili ditzaketen tren kopurua nabarmen urritu da. / Aiaraldea.eus

Aiaraldea Komunikabidearekin harremanetan jarritako erabiltzaileek adierazi dute Eusko Jaurlaritzak egin duela murrizketa eta, gainera, bidaiek gehiago irauten dutela.

Aiaraldeko C-3 lineako zenbait erabiltzaile (EHUko garraio zuzenaren falta salatu dutenak, besteak beste) Aiaraldea Komunikabidearekin jarri dira harremanetan azpimarratzeko Renfek urriaren 6an indarrean jarritako ordutegi berriekin, zerbitzua %30ean baino gehiago murriztu duela Eusko Jaurlaritzak lanegunetan. Izan ere, EAEk hartu ditu garraio eskumen horiek berriki.

Berez, urtarriletik uda bitartean C-3 lineak 147 tren zerbitzu eskaini ditu Bilboko Abandoko geltokia eta eskualdea lotzeko (unitate guztiak ez ziren Urduñara heltzen). Urrian abiatutako ordutegi berriekin, ordea, 102 tren zerbitzu daude, hau da, %30ean baino gehiago txikitu da tren kopurua eskualdea eta Bizkaiko hiriburua lotzeko.

Berez, 2024ko abenduan Renfek zerbitzu oparoa ezarri zuen eta 15 minuturo tren bat eskaini du urte erdiz.

CIVIS trenik ez eta bidaia luzeagoak

Aiaraldeko bidaiariek azaldu dute garraio publikoko zerbitzuak okerrera egin duela arlo gehiagotan: "Laudiotik ateratzen ziren trenek 29 minutuko (CIVIS) eta 32 minutuko iraupena zuten eta Orduñatik etorritakoek 33 minutuko iraupena zuten. Orain, tren guztiek 39 minutu behar dute bidaia egiteko".

Iraupenaren luzera handitu izana geltoki guztietan gertatu da eta, esaterako, egun, Urduñatik Bilbora joateko ordubeteko bidaia egin beharra dago.

Aipatu beharra dago CIVIS trenak udan desagertu zirela, urtaro horretako ordutegiekin.

"Ezerosotasuna"

Aiaraldea Komunikabidearekin harremanetan jarritako erabiltzaileek gaineratu dutenez, aldaketek eragina izan dute ere bidaiaren esperientzian, trenak gainezka baitaude eta ezerosoagoa da garraio publikoa baliatzea.

Egoera horiek arazoak sortzen dizkiete hainbat langile eta ikasleri, pasa den astean ere salatu zuten moduan. Zehazki, tren zerbitzuaren falta bereziki nabaria da gauez.

Hauek dira urriaren 6tik indarrean dauden ordutegiak:

Urtarriletik ekainera arte, aldiz, honako hauek egon ziren:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide