Laudio eta Amurrioko BM supermerkatuetako beharginek hiru orduko lanuztea egin dute gaur salatzeko pairatzen ari diren egoera. Izan ere, bi aldarrikapen nagusi plazaratu dituzte. Alde batetik, euren hitzarmen kolektiboa ez dela berritu eta enpresa saiatzen ari dela akordioa blokeatzen. Bestetik, langile antolatuen kontrako jazarpena.
Horren guztiaren berri emateko, LAB sindikatuak oharra argitaratu du. Erakundeak azpimarratu du Arabako BM-ko supermerkatu guztiek daukatela jadanik hitzarmen kolektiboa -duela bi urte sinatuta- eta zuzendaritzak bere esku egon den guztia egin duela akordioa ekiditeko Amurrion eta Laudion. Bizkaian ere denda guztiek dute hitzarmen sektoriala hobetzen duen akordioa.
Sindikatuaren iritziz, konpainiaren helburua da egun dagoen Langile Batzordea kentzea. Gogoratu beharra dago egungo komitearekin greba mugagabea egin eta hainbat lorpen erdietsi zituztela beharginek.
Gezurrak eta blokeoa
LABek egotzi dio Uvesco enpresari inolako borondaterik ez izatea negoziatzeko eta horren adibide gisa aipatu dute Lan Harremanetarako Kontseiluan egindako bitartekaritza proposamenari uko egin izana.
Gauzak horrela, sindikatuak gezurtzat jo ditu konpainiak esandakoa: "Hainbat bilera, akta eta elkarrizketetan, enpresako ordezkariek akordio berri bat negoziatu eta akordatuko zela esan zuten eta konprometitu ziren, eta ez hori soilik, langileek ez zutela eskubiderik ezta erosteko ahalmenik galduko hainbatetan ere aipatu zuten".
Jazarpen sindikala
Horrez gain, langile erakundeak azaldu du jazarpen sindikala gertatu dela azken urtean zenbait langileren kontra. "Urte hasieran coach jardunaldi batzuk deitu zituen Uvescok, baina hori egin ordez, Langile Batzordeko kideei eta hainbat langileri presioa egiteko baliatu zituen. Besteak beste, lankide batzuek hartutako bajak zalantzan jarri zituzten eta hauspotu zuten komitea aldatzea", argitu du sindikatuak.
Prekarietatea
Aipatutakoari LABek erantsi dio egunerokoan lan zama handitu dela eta egoera prekariagoa bilakatu dela: "Langileak ez dira ordezkatzen eta horietako batzuei ez zaie kontratua berritzen ari, are gehiago, egoera guztiaren ondorioz langile batzuek enpresa uztea erabakitzen ari dira".