ELAk ez du parte hartuko Aiaraldeko Industria Garatzeko mahaian

Maider Ramirez Martin 2025eko azaroaren 5a

ELAko industria arduraduna, Guardianen itxieraren aurkako mobilizazioetako batean. / Aiaraldea.eus

Mahai horien xedea “politika neoliberalak eta pribatizatzaileak kontsentsu sozialaz aplikatzea” dela argudiatu du sindikatuak. Erabakia deitoratu du Ahaldun Nagusiak.

ELA sindikatuak jakinarazi du ez duela parte hartuko Arabako Foru Aldundiak deitutako Aiaraldeko Industria Garatzeko mahaian. Iragan urriaren 23an agerraldia egin zuen Ramiro Gonzalezek Aldundiak Laudion dituen bulegoetan, “eskualdeak bizi duen egoera iraultzeko asmoz” indarrak batu eta Aiaraldeko etorkizunaren aldeko akordio zabala erdiestea proposatzeko.

Marko horretan parte hartzera uko egin dio ELAk eta azaldu du sindikatuak ez duela, oro har, elkarrizketa sozialeko mahaietan parte hartzen. Izan ere, horrelakoetan “ELAren parte-hartzea helburu propagandistikoekin erabilia izaten da, politika neoliberalen inposaketa parte-hartze sozialarekin eman denaren itxurak egiteko, ELAren iritzia kontuan hartu gabe”.

Ahaldun Nagusiarekin biltzeko prestutasuna adierazi du ELAk, baina irmoki adierazi du ez duela onartuko sindikatua erabiltzea “interes alderdikoiei mesede egiteko”

Era berean, sindikatuak adierazi du ez duela uste Aldundiak “industria politikan sakoneko aldaketarik eragin nahi” duenik. Gaineratu dute eskualdean lan-gatazkak egon direnean foru erakundea langileen ordezkaritzen aurka lerratu dela “sistematikoki”, Tubacex, Glavista, Guardian edo Maderas de Llodioren kasuei dagokienez.

Gardentasun falta ere leporatu diote Aldundiari. Izan ere, azaldu dute deitzaileek ez dutela zehaztu gonbidatu dituzten eragileak edo eztabaida foro horren lan metodologia. “Modu honetan, nahi dituzten ondorioak egiten dituzte publiko eta beren proposamenekin erabat
kritikoak garen eragileak erabili egiten dituzte eztabaida irekiak egin izanaren itxurak egiteko”, azaldu du sindikatuak.

Ahaldun Nagusiarekin biltzeko prestutasuna adierazi du ELAk, baina irmoki adierazi du ez duela onartuko sindikatua erabiltzea “interes alderdikoiei mesede egiteko”.

Ramiro Gonzalezen erantzuna

Arabako Ahaldun Nagusiak sindikatuaren erabakia gaitzetsi du eta “bertako industriari eta haren menpe dauden langileei bizkarra ematea” leporatu dio. Mahaia “benetako konponbideak lantzeko espazioa da”, foru erakundearen arabera, eta “eskualdeko eragile politiko, sozial eta ekonomiko guztiei irekita dago”.

Gonzalezek ELAren jakinarazteko moduak ere deitoratu ditu, ez baitira Aldundiarekin jarri harremanetan erabakiaren berri emateko, baizik eta komunikabideekin zuzenean, Ahaldun Nagusiaren arabera.

Hala eta guztiz ere, lan egutegiarekin aurrera jarraituko dute Aldundiak eta mahaian parte hartuko duten beste eragileek, eta ateak irekita dituela jakinarazi diote ELAri.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide