Aiaraldeak autobus zerbitzu zuzena izango du eskualdetik Usansoloko ospitalera joateko. Horrela iragarri du gaur goizean Jon Nogales Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko diputatuak, Laudion egindako agerraldian. Bertan izan da ere Sonia Perez Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Saileko diputatua.
Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek hitzarmen akordioa erdietsi dute gaur egun indarrean dagoen autobus zerbitzua indartzeko. Gaur egin dute akordio horri bide emateko lehen urratsa bi erakundeek. Nabarmendu dutenez, "zuzeneko zerbitzu berriak nabarmen hobetuko du Aiaraldearen eta Galdakaoko Ospitalearen arteko ibilbidea".
Hiru autobus gehiago
Zuzeneko zerbitzu berriak egun Usansoloko ospitalera bertaratzeko erabilgarri dagoen Bizkaibusen 3641 linea indartuko du. Gaur egun eskualdetik ospitalera zazpi bidaia egiten ditu egunean autobus linea horrek, baina bidaia denbora 70 eta 90 minutu artekoa da. Jon Nogales diputatuak aurreratu duenez, zerbitzu berriak ia ordu erdian murriztuko ditu aiaraldearren desplazamenduak.
Zehazki, zerbitzu berriak hiru bidaia eskainiko ditu norantza bakoitzeko, egunero, astelehenetik ostiralera. Urduñan, Amurrion, Aiaran eta Laudion izango ditu geralekuak, eta eskualdetik zuzenean joko du Usansoloko ospitalera.
Hauek dira proposatutako ordutegiak:
- Urduñatik ospitalera
- 7:00
- 10:00
- 13:00
- Ospitaletik Urduñara
- 8:15
- 11:15
- 14:15
"Zuzeneko zerbitzu berriak nabarmen hobetuko du Aiaraldearen eta Galdakaoko Ospitalearen arteko ibilbidea, gaur egun dagoen zerbitzu arruntarekin alderatuz, eta, beraz, joan-etorri azkarragoa eta erosoagoa eskainiko die bidaiari guztiei, eta, bereziki, zentro horretan ohiko hitzorduak dituzten eskualdeko adinekoei eta paziente kronikoei", aldarrikatu du Nogales diputatuak.
Zerbitzuaren finantziazioa
Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek urtea amaitu aurretik sinatu nahi dute hitzarmena, 2026ko urte hasieran zerbitzu berria martxan egon dadin. Zerbitzuaren kostua 262.000 eurotan zenbatetsi dute. Gauzak horrela, Arabako Foru Aldundiak asumituko du kostu totalaren %85, "biztanleria irizpideak aplikatuz".
Orain hitzarmena sinatzeko prozesua abiatuko dute erakunde publikoek, zerbitzua ahalik eta lasterren funtzionamenduan egon dadin. Horretarako partida aurrekontu proposamenean txertatu eta Arabako Batzar Nagusien babesa eskuratu beharko du egikaritu ahal izateko. Gehiengo osoa ez duen Foru Gobernuaren izenean, gainerako alderdi politikoei "erantzukizunez jokatzea" eskatu die Jon Nogales diputatuak, aurrekontuak onartu eta hitzarmena sinatu ahal izateko.
Aldarrikapen historikoa
Gaur aurkeztutako zerbitzu berriak, Aiaraldeko "aldarrikapen historiko bati" erantzuten diola azpimarratu du Jon Nogales diputatuak. Hain zuzen ere Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazio eta ekimen ugari egin ditu azken urteetan autobus linea zuzena eskatzeko. Besteak beste, mozioak aurkeztu dituzte eskualdeko udaletan, eta bilera ugari mantendu dituzte Arabako batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin, gaia lantzeko asmoz.