Kultur sorkuntza Aiaraldean

Harrobia Saria besapean itzuli da Barrrk Gaztea Maketa Lehiaketatik

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko azaroaren 21a

Barrrk taldeko kideak Harrobia Saria ospatzen Jimmy Jazz aretoan. / Gaztea

Jimmy Jazz aretoan kontzertua eskaini zuen bart Barrrk taldeak, Gaztea Maketa Lehiaketako finalean. Harrobia Saria eskuratu du laukoteak, eta EPa grabatzeko aukera izango du Oso Polita diskoetxearekin.

"Pozik eta gogobeteta" esnatu da gaur Barrrk taldea, Gaztea Maketa Lehiaketako finalaren biharamunean. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eskaini zuten kontzertua bart, Gar, Marmitako Trap Banda eta Zeatikez taldeekin batera.

Gozatzera eta ondo pasatzera zihoazela aitortu zioten finalaren bezperan Aiaraldea Komunikabideari. Esan eta egin. "Gustura" azaldu da taldea Gasteizen eskainitako zuzenekoarekin: "Oso ondo aritu ginen laurak oholtza gainean, egundoko kontzertua izan zen. Pilo disfrutatu genuen eta hori da garrantzitsuena". Jon Basaguren epaimahaikideak "Courtney Barnett eta Joy Divisionen arteko nahasketa" gisa definitu zuen bandaren proposamena.

Harrobia Saria

Ez dira esku hutsik itzuli. Epaimahaiak Harrobia Sariarekin saritu zuen Barrrk atzoko finalean. Sariari esker, lau abestiko EPa grabatzeko aukera izango dute Oso Polita diskoetxearekin.

Epaimahaiak balioan jarri zuen eskualdeko bandaren zuzenekoa, eta "euskarazko kanta gehiago" entzun nahiko lituzkeela adierazi zuen SÜNE musikari eta epaileak. Barrrk-ek erronka onartu du, hizkuntzak duen garrantziaren jakitun.

Aitortza jaso arren, "musika lehiaketa bateko emaitzak beti subjektiboak direla" azpimarratu dute Barrrk taldeko kideek, finaletik kanpo "talde oso-oso onak" geratu direla iritzita.

Edonola ere, laukotearen proiektu musikalak lortu duen "ikusgarritasuna" balioan jarri dute Rubenek, Yasminek, Josuk eta Brunok. 

Behin Gaztea Maketa Lehiaketa atzean utzita, urte amaiera bitarte dituzten zuzenekoetan zentratzea da bandaren asmoa. Besteak beste, Faktorian izango dira abenduaren 13an, Palestinaren aldeko jaialdian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide