Indarkeria matxistaren aurka beteko dituzte Aiaraldeko kaleak

Erredakzioa 2025eko azaroaren 25a

Eskualdeko udalerri guztietan deitu ditu mobilizazioak Mugimendu Feministak. / Aiaraldea.eus

Herriz herri mobilizatuko dira Aiaraldeko bizilagunak, indarkeria matxistaren eta berau sostengatzen duten "konplizitate sareen" aurka.

Ehunka herritarren topaleku izango dira eskualdeko plazak gaur, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunean. Herriz herri mobilizazioak eta elkarretaratzeak deitu dituzte Aiaraldeko eragile feministek eta erakunde publikoek. Amurrioko eta Laudioko udaletxeen aurrean izango dira eguneko lehen hitzorduak. Tokiko gobernuek udal talde guztiekin batera adierazpen instituzional bana irakurriko dute, 10:00etan eta 12:00etan, hurrenez hurren.

Ikasle mugimendua ere batuko da eguneko mobilizazio zaparradara. Ikamak deituta elkarretaratzea egingo dute ikasleek Laudioko Lamuza plazan 11:15ean, "Hezkuntza Sistema honek erasotzen gaitu, guk hezkuntza feminista!" lelopean.

Elkarretaratzeak eta manifestazioak

Arratsaldean herrietako mobilizazioen txanda izango da. Aiaraldeko udalerri gehienetan elkartuko dira herritarrak indarkeria matxistaren eta berau sostengatzen duten "konplizitate sareen" aurrean "erresistentzia feministaren" beharra aldarrikatzeko.

Aiarakoa izango da elkarretaratzerik goiztiarrena; 17:30ean batuko baitira auzokideak ferialean. Artziniegan eta Okondon 18:00ean deitu dituzte mobilizazioak. Aretan 18:30ean egingo dute elkarretaratzea Altamira Plazan, baina, aurretik, Txoko Morearen inaugurazio ekitaldia egingo dute, 18:00etan Aretako Kultura Etxean. Gainerako mobilizazio guztiak (Laudio, Orozko, Urduña, Amurrio eta Arrankudiaga-Zollo) 19:00etan izango dira. 

Baina badira mobilizazioetatik harago ere antolatutako jarduerak ere. Agenda atalean daude deialdi guztiak ikusgai.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide