Ordubete edo egingo nuen lo, eta ezer gertatu ez balitz bezala joan nintzen lanera. Bizipena etortzen zitzaidan burura behin eta berriro, eta sentitutakoa oso ondo senti nezakeen gainera, baina, ez nintzen neure burua bortxatutzat ikusteko gai. Bizipen hori beste norbaitengan irudikatzen banuen, ordea, pertsona hori bai bortxatutzat har nezakee (disoziazioa). Egoerak gainditu(ta) ninduen; nire buruak, gorputzak, nire emozioak eta errealitateak, ez zuten bat egiten, guztiz deskonektaturik zeuden Shock egoeran nengoen.
Ez zen ezezagun bat (edo atzerritar) bat izan, eskualdeko tipo “jator” eta ezagun bat baizik. Nire etxera etorri zen ardo bat hartzera gauza batzuk komentatzeko genituelako. Horrek zailtzen dizu dena. Askotan galdetu diot neure buruari; zergatik ez zen nire erasotzailea kaletik topatutako ezezagunen bat izan, aurrera egitea errezago egingo zitzaidalakoan.
“Ostras! Badakit oso ondo zer senti dezakeen bortxatua izan den emakume batek! Oso fuertea da! Ezingo zenuke imaginatu! Zelako mina! Uf, gogorregia! Joder! Eta ni bortxatzen utzi naiz”. Nire ahotik atera ziren hitzak izan ziren hauek, lagun bat deitu eta zer gertatu zitzaidan kontatu nionean (Shock egoera nahikotxo luzatu zitzaidan).
Handik eta gutxira, kontziente izaten hasi nintzen ni izan nintzela egoera horren protagonista, eta ez beste inor. Baina, onarpen edo dolu honetan faseak ere badaude, eta ni erruduntasunak gogor harrapatu eta nahastu ninduen. Nire errua zela sentitzen nuen. Tipoari bortxatzen utzi niola leporatzen nion nire buruari. Psikologoarekin askotan irudikatu eta berbizi izan dut egoera, nola nik argi esaten nion, adibidez, “ezin nuela gehiago aguantatu, eragiten zidana jasanezina zela, uzteko ia!”. Nire buruak argi zeukan ezetzak bota nizkiola gau hartan, baina nire sentimenduak nahiezean zebiltzan oraindik. “Erruduntasunak ez dizu arrera egiten uzten.”
Erruduntasunari heltzeko gakoetariko bat, bizirauteko sena deritzogun hori ulertzean datza. Animaliei bezala arriskuen aurrean aktibatzen zaigun sena da, eta momentu horretan bertan, zure erabakien jabe izateari uzten diozu konturatu gabe.
Hasieran, borrokatzeari uzten nionean, disfrutatu ahal izango nuela esan zidanean, nik tinko jarraitu nuen arren, fase desberdinak bizi izan nituen. Amigdalaren azkenengo erabakia izan zen geroago errudun sentiarazi ninduenetariko bat: (etsitzea) amore ematea, nire gorputza abandonatzea erasotzaileak nirekin nahi zuena egiteko, lehenbailehen buka zezan (agian eraginkorrena: sufrimendua luzeegia izaten ari zelako, edo indarrik gabe geratuko nintzelako laster, auskalo).
Buruak eta sentimenduak bat egiten dutenean, dena aldatzen da. Benetan horiek ez zirela zure erabaki kontzienteak izan sentitzeko gai zarenean, dena aldatzen da: bat-batean zeneraman zama guztia desagertzen da. Errurik gabeko ulermena agertzen zaizu. Zuk hor ez duzula ardura bakar bat ere izan sentitzea osotasunean, sentsazio hori itzela da. Ez daukat pisurik.
Ez duzu inoiz halakorik espero. Horregatik inoiz baino argiago daukat: DENAK izan gaitezke ERASOTUAK, eta EDONOR izan daiteke ERASOTZAILEA. Ez dut esango tipo “jator” hori nor den, ez dudalako hau txutxumutxu batean geratzerik nahi, non dohako epaiketak nabarmentzen diren, kasuaren gainetik.
Salaketa sozial eta judizialean pentsatzen nuen bakoitzean izutu eta gainezka egiten nuen. Aguantatuko ez nuen zama sentitzen nuen horrekin, neure bizitza kolokan sentitzen nuen benetan. Hortaz, salaketa bidea baino, nire egoera emozionala eta erritmoak errespetatzea izan ziren lehen urratsak.
Zoritxarrez oso ondo dakit epaiketa hauek zer suposatzen duten. Epaiketa sozialean, esaterako, herritarrak zure bizitzaren epaile bihurtzen dira, eta haien usteak egiak: begiradak, galderak, komentarioak, kuxkuxeoak, zuganako zalantzak, susmoak, erasoaren epaiketa, salatu behar duzun edo ez, noiz eta nola, erasotzailearenganako pena edo jatortasuna goraipatzea… Epaiketa merke horiek guztiak -orokorrean pairatzen dugun indarkeria instituzionala gehituta- guretzako zapalkuntza mingarriak dira: gehiago txikitzen gaituzte, uneoro zalantzan jartzen gaituztelako behin eta berriro.
Gaur, ia 6 hilabete pasa direnean, egoera hau salatzeko prest nago. Nire erara, eta ez beste inork nahi edo espero duen moduan. Denbora behar nuen nire lanketa egiteko, gauzak ondo kokatu eta ulertzeko, indartsu egon nireak eta ez beste inorenak diren erabaki hauek ondo hartzeko; eta batez ere inolako presiorik gabe.
Nire kasuan, argi neukan nire burua babestu behar nuela, hasierako inolako presiorik gabe. Hasierako momentu nahasi horietan salatu izan banu (oraindik epaiketetan ibiliko nintzen, egokitutako epaileen ustez nire jarrera egokia izan ote zen edo ez), bidean oso galduta egongo nintzateke. Hau gainditzeko ezinbestekoa da ibilbidea lagunduta egitea, ez baita bide erraza. Instituzioak benetako sostengua ez diren bitartean eta gizarteak orokorrean laguntzen ez duen bitartean, hemen, Aiaraldean, asko gara(beharra dukan ororentzat) bidelagun izateko prest gaudenak!
Hau ez da bakarrik egiteko bide bat, hau gainditzeko laguntza ezinbestekoa dela uste dut.
Hori dela eta, bereziki eskertu gure tandem taldeari, errespetuz eta nire nahi eta beharretatik bidelagun izateagatik, nire psikologoari, eta lagun berezi horiei: mila mila esker hor egoteagatik.