"Aiaraldearen etorkizun industriala" bermatzeko mahaia eratu dute gaur goizean Amurrioko Refor Enpresaldean. Duela hilabete iragarri zuen hitzordua Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiak, Maderas de Llodioko grebalariek erakundeen esku-hartzea eskatzeko egindako protesta olatu betean.
Ahaldun Nagusiak eskualdeko eragile politiko, sozial eta ekonomikeoi luzatu zien bertan parte hartzeko gonbita. Besteak beste, Tubacex, Tubos Reunidos, Vidrala, Amurrio Ferrocarriles edota Voestapline enpresetako buruak izan dira bilkuran, Amurrio, Laudio, Aiara, Artziniega eta Okondoko alkateekin eta Arabako Batzar Nagusietan ordezkaritza politikoa duten taldeekin batera. ELA eta LAB sindikatuek uko egin diote bileran parte hartzeari.
SOS Aiaraldeak deituta dozenaka herritar elkartu dira bilera atarian, tartean Maderas de Llodioko grebalariak. Azken urteetan itxitako lantegien izenak eskutan, instituzio publikoen "utzikeria" salatu nahi izan dute, burrunba zaratatsu batekin. Soinu banda horrekin ekin dio Aiaraldeko Garapen Industrialaren Aldeko Mahaiak hainbat hilabetez luzatuko den ibilbideari.
Gutuna Ramiro Gonzalezi
SOS Aiaraldea mugimenduaren ordezkari gisa, Maderas de Llodioko grebalariek gutun baten entrega egin diote Ramiro Gonzalezi bilera atarian, "eskualdeko langile klasearen izenean". Gutunean jaso dutenez, "mesfidantzaz" begiratzen diote gaurko bilkurari. Izan ere, defendatu dute "ezin dela etorkizunaz hitz egin oraina jokoan dagoenean".
Beharginek uste dute gaur estreinatutako mahaia "beste alde batera begira egon diren erakundeen aurpegi zuriketa" dela. Bidenabar, bilkura "berandu datorrela" eta "nahikoa ez" dela azpimarratu dute. Gaur egungo arazo eta gatazkei irtenbidea ematearen premia aldarrikatu dute entregatutako testuan, eta gaurko gai-ordenean egon beharko luketen lau gai zerrendatu dituzte, hauek jorratuko ez direla jakitun: kaleratzeak gelditzea, deslokalizazioak gelditzea, borrokaren kriminalizaziorik ez egitea eta inbertsio errealak gauzatzea.
Gutuna besapean zuela sartu da bilkurara Arabako Diputatu Nagusia, eta SOS Aiaraldea mugimendutik aldarrikatu dute borrokan eta protestan jarraituko dutela. Izan ere, herri plataformaren iritziz, mobilizazioari esker lortu dute "mugitu nahi ez zuten horien borondateak mugiaraztea", eta bide berean jarraitzeko apustua egin dute.
Gutuna besapean zuela sartu da bilkurara Arabako Diputatu Nagusia, eta SOS Aiaraldea mugimendutik aldarrikatu dute borrokan eta protestan jarraituko dutela.
"Elkarrekin lan egiteko beharra"
Refor Enpresaldeko areto nagusian "elkarrekin lan egiteko beharra" aldarrikatu du Ramiro Gonzalezek, Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiari ongi etorri ekitaldian. Aiaraldeak eskualde industrial erreferente izateko osagaiak dituela azpimarratu du Gonzalezek, baina aitortu du ere "lehiakortasuna galdu duela".
Egoera hori eragin duten faktoreak zerrendatzerakoan lau aipatu ditu Diputatu Nagusiak: Altzairuaren eta tutu-industriaren dependentzia altua, nazioarteko gatazkak, industria modernizatzeko zailtasunak eta lur-zoru industrialaren gabezia.
Halaber, aitortu du ere historikoki "lan-erlazio konplexuen" eskualdea izan dela Aiaraldea. Eskualdean nagusi den "pesimismoa" iraultzea da Ramiro Gonzalezen nahia, eta horretarako "ekimen gehiago eta ekimen berriak" egiteko beharra aldarrikatu du.
Gaurko bilkuran "datozen hilabeteetan landuko ditugun oinarriak finkatzea" izan dute helburu nagusi. "Aiaraldeko egoera industrialari buruzko erradiografia partekatuko dugu, ibarreko industriaren egoerari buruzko diagnostikoa osatzen duten elementu nagusiak adosteko. Diagnostiko partekatu hori izango da proposatzen dugun lan ereduaren oinarria", azaldu die Ramiro Gonzalezek mahaiko parte-hartzaileei.
Gaurko bilkuran "datozen hilabeteetan landuko ditugun oinarriak finkatzea" izan dute helburu nagusi.
Oposizioko alderdiak kritiko
Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaia "hankamotz" jaio dela adierazi du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak. Izan ere, koalizio subiranistaren iritziz, eskualdeko udalerri eta eragile bizkaitarrak ez ziren bilkuratik kanpo geratu behar. Lopez de Arroyabek gogorarazi du Eusko legebiltzarrean garatutako eskualdearen biziberritzerako ponentzian horrelako foro bat sortzea jasotzen zela.
"Badira bost urte eskualde naturaleko udalerri guztiak bilduko dituen eta eragile ekonomiko eta sozialak ere bilduko dituen organo bat sortzeko beharra planteatu genuela. Uste dugu denbora ederra galtzen ari garela eskualde honetako industriaren beharrezko dibertsifikazioari eta deskarbonizazioari ekiteko, eskualdearen benetako biziberritzea bultzatzeko", aldarrikatu du EH Bilduko bozeramaileak bilera amaitu berritan.
Aiaraldeko garapen industrialerako mahaia hankamotz jaio da, Bizkaiko Foru Aldundia eta eskualdeko Bizkaiko herriak falta direlako, besteak beste.
— EH Bildu Araba (@ehbilduaraba) November 26, 2025
Edonola ere, Aiaraldea berpiztea helburu duten foro guztietan lan egiteko prest gaude EH Bildun. pic.twitter.com/z11aOu18n1
Bilkuraren nondik norakoekin kritiko azaldu da ere Batzar Nagusietako Elkarrekin Podemos IU taldea. David Rodriguez bozeramaileak "lotsagarritzat" jo du lan-gatazkak seinalatzea eskualdeko industriaren egoeraren erantzule gisa; “hain zuzen ere plantillen borroka izan delako historikoki eskualdeari bere potentzial industrial eta sozial handia eman diona”, gaineratu du. Rodriguezek "arazoen ikuspegi integrala" izatea eskatu du: “garapen sozial, ekonomiko eta ingurumeneko iraunkorrik Gabe, ezinezkoa da garapen industriala bultzatzea”.