Aiaraldeko musikariek osatutako NØT taldeak bere bigarren abestia partekatu du Interneten. Putreak da rock eta melodia uztartzen duen kantaren izena eta eurek argitu dute modu ironikoan bere esanahia: "Aurpegi askotako putreak daude. 'Acex'-ekin errimatzen dutenak, baita 'Dian', 'Vista', 'Mesa' edo 'Nica'-rekin, besteak beste. Kantu honek eskualdean pairatzen ari den egoera laborala ikusita, sortzen den oihua islatzen du".
Aiaraldeko izaeraren erroak ez dira soilik nabaritzen abestiaren letretan. Izan ere, amurrioar ugariren laguntza izan dute proiektuan. Grabazioa Asier Ibarluzea Udaeta teknikariak burutu zuen Burubio kultur elkartean eta nahasketa eta mastering-a Manuel Pajarok. Iruditegiari dagokionez, Endika Diaz Garciak sortu du argazkia eta Gaizka Muñoz Etxebarriaren (Lubaki Grafik Faktøry) diseinu grafikoarekin lagundu dute.
Martxoan disko berriaren aurrerapena eskaini zuten, Inertzia abestia, alegia.