Lau urteko ibilbidea ez da nahiko izan eta, gutxienez, beste urte eta erdi luzatuko da 2021ean Tubacexek kaleratutako langilearen kasua. Azaroan Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak erabaki zuen beharginaren kaleratzea nulua zela eta lanpostua itzuli behar diola multinazionalak, baina konpainiak Espainiako Auzitegi Gorenera jo du, baita langilearen abokatuak ere.
Enpresak, nola ez, kaleratzea berrestea bilatuko du eta beharginaren ordezkari legalak, aldiz, eskubide gehiago eskuratzea bere bezeroak. Edonola ere, lau urteko ibilbide judizialak urte eta erdi gehiago iraungo du gutxienez. Abokatuak aipatu duenez, hori da Madrilgo epaitegiak behar duen batez besteko denbora tartea. Onartuko balu, beste bi urte gehiago luzatu daiteke afera azken epaia egon arte.
Hurrengo urratsa, lanera itzultzea
Jagoba Luengas letraduak defendatzen ditu langilearen interesak eta aipatu du Madrilgo epaileek erabakia hartu arte, berak eskatuko duela tokiko epaitegiek enpresari agintzea beharginari lanpostua itzultzea.
Horren aurrean, enpresak adierazi beharko du enplegatuaren itzulera nahi duen edo etxean geratzeko eskatuko dion, ordainduta, hori bai.
Gogoratu beharra dago lan gatazkaren iturburua izan zela langilea 2021eko otsailean kaleratu zutela. Tubacexeko grebari amaiera eman zion akordioaren bitartez, lanpostua berreskuratu zuen, baina barne antolakuntza berriak nola eragingo zion jakin gabe.
Gauzak horrela, kaleratze boluntarioen zerrendan eman zuen izena beharginak, baina gero ez zuen berretsi erabakia, atzera eginda espreski. Hala eta guztiz ere, Tubacexek bere kontratua bertan behera utzi zuen aldebakartasunez.
Orduan, langileak epaitegira jo zuen eta lehen epaiketa galdu zuen. Aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion helegitean eta argudiatu zuen multinazionalak ezin zuela kaleratzea egikaritu beharginaren borondatearen kontra eta, gainera, aitatasunak babesten zuela.