Lau urteko itxaronaldiaren ondoren, Tubacexeko langile batek eskubidea izango du bere lanpostua berreskuratzeko, konpainiak greba luzearen ondoren kaleratu baitzuen. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak erabaki du kaleratzea nulua dela eta lanpostua itzuli beharko diola multinazionalak. Gainera, lau urte hauetan jaso ez duen soldata ere ordaindu beharko diote.
Kaleratzea 2021eko amaieran gertatu zen. Hain zuzen, urrian. Berez, langilea otsailean kaleratu zuen Tubacexek, baina epaileen sententziaren eta, bereziki, beharginen greba mugagabearen ondorioz, bere lantokira itzultzea lortu zuen. Hala ere, multinazionalak iragarri zuen barne antolakuntza berria egingo zuela eta horrek eragingo ziela hasieran kaleratutako beharginei.
Langilearen borondatearen kontrako kaleratzea egin zuen enpresak, nahiz eta aitatasun bajak urtebetez babesten zuen behargina.
Hori ikusita, eta itzulerarako baldintzak zeintzuk izango ziren jakin gabe, langileak izena eman zuen baja boluntarioen zerrendan. Dena den, handik bi egunera, bere egoerari buruzko informazio gehiago jaso eta iritzia aldatu zuen eta enpresari jakinarazi zion. Erabakia epeen barruan hartu zuen, zuzendaritzak ez baitzituen balorazioa eta aldaketak gauzatu lantegietan. Hala eta guztiz ere, Tubacexeko arduradunek langilea kaleratu zuten, bere borondatearen kontra eta aldebakartasunez.
Lau urteko ibilbide judiziala
Auzia argitzea kontu luzea izan da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak esku hartu behar izan du, lehenengo epaia langilearen kontrakoa izan ondoren. Auzitegi Nagusiak egoera zuzendu du eta adierazi du enpresak ezin zuela erabaki hori hartu beharginaren borondatearen aurka eta, gainera, azpimarratu du aita izan zenez urte berean, konpainiak ezin zuela kaleratu, urtebetez babesten baitu legeak.
Gauzak horrela, langileak kaleratze kalte-ordaina itzuli beharko dio enpresari, baina Tubacexek lantokian onartu beharko du behargina eta lau urte hauetako soldatak ordaindu.
Beharginaren abokatuak azpimarratu du orain bai, 2021eko kaleratu guztiak itzuli direla lantegira.
Bai enpresak zein langilearen abokatuak Auzitegi Gorenera jo dezakete helegitea aurkeztuta.
Langilearen abokatuak, edonola ere, adierazi du epai honek ziklo bat itxi duela eta, orain bai, 2021ean kaleratutako behargin guztiak itzuli direla lantegira.