Eskualde bat, Aiaraldeak hamabost!

Palestinaren eta Aiaraldearen arteko elkartasun zubiak eraikiko dituzte abenduaren 13an Faktorian

Txabi Alvarado Bañares 2025eko abenduaren 4a

Modu horretan ospatuko dute Aiaraldearen 15. urteurrena, eskualdeko hainbat norbanako eta eragilerekin elkarlanean. 

Palestinaren aldeko jaialdi batekin ezaugarrituko dute Aiaraldearen 15. urteurrena. Faktorian izango da zita abenduaren 13an. Modu horretan, palestinar herriak bizi duen “biolentzia sistematikoan” jarri nahi dute begirada, eta nabarmendu dute egun horretan lortzen den diru guztia Gazara bideratuko dutela. Ekarpen ekonomikoak egiteko kutxa jarriko dute horretarako. 

Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren eta eskualdeko hainbat norbanako eta eragileren indarren baturaren emaitza izango da ekimena. “Urte amaierako festa antolatzen ari ginela jakin izan genuen emakume talde bat Palestinaren aldeko ekimena antolatzen ari zela, eta elkarlana garatzea erabaki genuen orduan”, azaldu dute. Elkarlan horren emaitza da aurkeztu berri duten egitaraua, goizetik gauera arte luzatuko dena. 

11:30ean egingo dute ongi etorri ekitaldia, eta azoka irekiko dute jarraian, Laudio Palestina, Torontile eta Olaia Benitoren postuekin.

Dantza emanaldia egongo da gero Baes Fam taldearekin, eta mural kolaboratiboa egingo dute, DJ Miraklek giroturik. Solasaldi batekin emango diote amaiera goizeko txanpari, Nayua Jatri Aduh eta Aitor Bikandirekin. 

Hitzaldia, musika emanaldiak, dokumental estreinaldia, poesia, bazkaria eta beste hainbat jarduera egongo dira goizetik gauera arte. 

Bazkaria egingo dute arratsalderako indarrak hartzeko. Tiketak salgai daude dagoeneko Faktorian, Txokogorrin (Amurrio) eta El Lion (Laudio). Tiketen prezioa, aldiz, aldakorra izango da. 0, 5 eta 10 euroren truke eskuratu ahalko dira txartelak, pertsona bakoitzaren egoera ekonomikoaren arabera. 

Musikak eta ikus-entzunezkoek hartuko dute protagonismoa arratsaldean. 17:00etan Rifqa poesia musikatu emanaldia egongo da. Eider Beobide, Peru Galbete eta Xalba Ramirezen eskutik.

Horren ostean iritsiko da eguneko unerik berezienetako bat, Koloreen babeslekua dokumentala estreinatuko baitute, Iratxe Beldarrain sortzaile laudioarrak Jaber Thabet irakasle palestinarrarekin batera eginikoa. Kontzertuekin emango diote agurra egunari, Barrrk eta Not taldeekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide