ANALISIA

Makroproiektuen pultsua airean beste urte batez indarrak neurtzen

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 16a

Zentral eolikoen aerosorgailuen benetako tamaina irudikatu zuten ekainean Amurrioko parkean.

Energia berriztagarrien makroproiektuen instalazioa posizio eta higadura gerra bilakatu da enpresen, erakundeen eta herri mugimenduaren artean. Egitasmoak gauzatu nahi dutenek aurrera egiten jarraitu dute, baina uste baino motelago doa prozesua, herritarrek eta tokiko administrazioen oposizio lanaren ondorioz.

Soka luzeko tirabira bilakatu da energia berriztagarrien makroproiektuen instalazioa Aiaraldean eta indarrak uste baino parekatuagoak daude, baina ez kalterik gabe. Enpresa sustatzaileak aurreikusi baino prozedura gehiago betetzeko atakan daude Udalen eta Aiaraldeko Mendiak Birizik plataformak sustatutako alegazioen ondorioz, eta, aldi berean tokiko erakundeen zerbitzu publikoei sekulako denbora inbertsioa ekarri die hori kudeatzeak. Bereziki kexu agertu da Aiarako Udala, zeinak giza bitarteko urriak dituen bere jarduerarako. 

Gauzak horrela, eta Laudioko eta Aiarako Udalek adostasunik adierazi ez dutenez, Arabako Foru Aldundiak hartu du bere gain bi zentral eolikoren Plan Berezien kudeaketa: Ferosca I eta Mendi. Udalek azpimarratu dute biek ez dutela betetzen euren hirigintza arauak, baina Aldundiak aurrera egitea erabaki du. Aiaraldeko Mendiak Bizirikek, Feroscaren kontrako 1.000 alegazio baino gehiago jasotzeaz gain, salatu du erakunde arabarra eskumenak inbaditzen ari dela, Mendi instalazioak Orozkon ere okupatuko baitu lurraldea. Antzeko iritzia plazaratu zuen udalerri bizkaitar horren Udalak. Halaber, ordezkari orozkoarrek adierazi dute aurkakotasuna Larragorri zentralari dagokionez, argudiatuta hirigintza arauekin ez dela bateragarria.

Horri lotuta, urte hasierarekin batera iritsi da albistea: Ferosca zentral eolikoko sei aerosorgailuetatik hiru debekatu ditu Eusko Jaurlaritzak, bioaniztasuna babesteko.

Proiektu erraldoiek urrats txikiak ematen dituzten bitartean, energia komunitateak agertzen ari dira Aiaraldean.

Fotovoltaikoak ere

Baina 200 metroko aerosorgailuak instalatzeko asmoetatik harago, badaude bestelako egitasmoak eskualdean energia berriztagarrien esparruan. Aiaran Krabelin Solar egitasmoak 10.504 plaka fotovoltaiko ezartzea aurreikusi du Murga eta Arespalditza artean. Horren atzean dagoen enpresa berak, Enerparc multinazionalak, Igebelar Solar eraiki nahi du Amurrion, 6.692 eguzki plaka instalatuta. Hasieran Zaraobeko gainan ere eragina izango zuen azken zentral horrek, baina Aiarako Udalak alegazioak egin ondoren, aukera baztertu zuen enpresak. Aiarak beste ekimen bat dauka mahai gainean, Ekian, eta, momentuz, kontrakotasuna adierazi dio. 

Edonola ere, udalerri horrek erronka gehiago ditu. Esaterako, Solariak goi-tentsio linea eraikitzeari ez dio uko egin eta Lemon Tree Power enpresak, bere aldetik, energia berriztagarrien bitartez sortutako elektrizitatea bateria bitartez biltegiratzeko instalazioa ere eraiki nahi du Murgan.

Horrelako proiektuek azpiegitura laguntzaile ugari behar dituzte eta beste goi-tentsioko linea berria instalatu nahi dute horregatik Laudio, Orozko eta Arakaldo artean, Feroskana zentral eolikoko elektrizitatea garraiatzeko Bedia, Usansolo eta Zeberiotik eskualdera.

Proiektu erraldoiek urrats txikiak ematen dituzten bitartean, energia komunitateak agertzen ari dira Aiaraldean. Urduener dago Urduñan eta Orozkoko Udalak ere ekin dio kooperatiba bat bultzatzeari. Kasurik deigarrienak Soxon eta Zuhatzan daude. Hiru urteko lan eta konpromisoen ondoren, Administrazio Batzar bietan lortu dute plaka fotovoltaikoen instalazioa egikaritzea herritarren kontsumorako, baina Iberdrola da azpiegitura horiek funtzionamenduan sartzea eragotzen ari dena, prozesua luzatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide