Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak oharra zabaldu du azpimarratzeko Ferosca zentral eolikoaren espedientea eta tramitazioa gelditu behar dutela berehala. Izan ere, taldeak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak proiektuaren aerosorgailu erdiari eraikuntza baimena ukatu eta gero, egitasmoak aldaketa nabarmenak izango dituela eta, ondorioz, Administrazioak ezin duela aurrera egin "ezer gertatu izan ez balitz bezala".
Plataformaren aburuz, "juridikoki sostengaezina da" hori, eta horren arrazoiak azaldu dituzte: "Zentral eolikoa murriztea, benetako kokapena aldatzea eta udalaz gaindiko izaera desagertzea proiektuaren funtsezko aldaketak dira".
Ondorioz, plataformaren iritziz, irizpide legalek bidea markatzen dute: "Legea argia da: proiektu batek lurralde- eta ingurumen- funtsa aldatzen duenean, beste prozedura oso bati ekin behar zaio".
Arabako Foru Aldundiak Plan Berezia etetea
Aiaraldeko Mendiak Biziriken oharrak azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak eten behar duela Feroscaren Plan Berezia, orain proiektuak Laudiori baino ez baitio eragiten.
Izan ere, azken aldaketarekin, udalerri bakarrean eraikiko litzateke zentral eolikoa: "Hasierako diseinuak Laudio eta Aiara hartzen zituen eraginpean, eta horrek justifikatzen zuen Arabako Foru Aldundiak udalaz gaindiko Plan Berezi bat bultzatzea".
Taldeak, halaber, ohartarazi du proiektuaren tramitazioa Laudioko Udalaren esku geratuko litzatekela eta tokiko erakundeak jadanik adierazi du ez dituela hirigintza arauak betetzen.
Eusko Jaurlaritzaren adierazpena Feroscari buruz
Eusko Jaurlaritzak Ferosca zentral eolikoaren ingurugiro-inpaktuaren adierazpenari buruz hartutako erabakiaren ostean plazaratu du Aiaraldeko Mendiak Bizirikek oharra . Izan ere, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak argi eta garbi adierazi zuen egitasmoko hiru aerosorgailu ezin direla eraiki, bioaniztasunean sortu ditzaketen kalteengatik.