Guardianen itxiera

Guardianen eraiste neurtuak utzitako aje emozional kolektiboa

Txabi Alvarado Bañares 2026ko urtarrilaren 29a

Milaka lagun mobilizatu ziren Guardian Llodioren itxieraren aurka. / Aiaraldea.eus

Guardianek duela urtebete itzali zuen Laudioko beira fabrikako labea, 171 langile kaleratuz. Modu  horretan, kolpez desagerrarazi zen Aiaraldeko industriaren “urrezko aroaren” azken lagina.

Iragarritako itxiera baten kronika izan zen Guardianekoa baina, era berean, oso ezustean gertatu zen. Urtarrilaren 20ean jaso zuten langileek albistea zuzendaritzaren partetik, Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua hartu zuen egun berean. 

Bi gauzak egun berean gertatzea kointzidentzia bat izan zen edo ez, hori izan zen itxierak airean utzi zuen galderetako bat (ez bakarra). “Ziur nago (Guardianen buruek) Trump presidente bilakatuko zela ikusi zuten minutuan, euren ekuazioa aldatu zutela Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo dagoen lantegi baten errentagarritasunari buruz, zeinak produktuak salduko dituen Estatu Batuetan eta jabe amerikarrak dituen. Hortaz, oso litekeena da lotura zuzena egotea”. Iritzi hori plazaratu zuen Christopher Leonard ikerketa kazetari estatu batuarrak, Aiaraldea Komunikabideak gaiari buruz eginiko elkarrizketan. 

Espekulazioetatik harago, ondorio argiak eragin zituen Guardianen itxierak Laudion eta eskualdean. Lehena, zuzen eta gordinena: 171 langile geratu ziren kalean, azken urteetako zerrenda luzera gehituz. Eta hori egun batetik bestera.

Beharginek greba deialdiarekin erantzun zioten Laudioko beira fabrikako labea itzaltzeko asmoei, baina enpresak itzalketaren data aurreratzea erabaki zuen orduan, urtarrilaren 29ra. Dozenaka langile eta herritar bildu ziren fabrikaren sarreran goizaldetik, baina multinazionalak beste langile batzuk eraman zituen kanpotik gaueko ordu txikitan, eta eurekin ekin zion labea amatatzeari, barruan zegoen beira kendu gabe eta, ondorioz, azpiegitura erabilgaitz utziz. 

Ondorio argiak eragin zituen Guardianen itxierak Laudion eta eskualdean. Lehena, zuzen eta gordinena: 171 langile geratu ziren kalean, azken urteetako zerrenda luzera gehituz.

Hala salatu zuten langileek eurek hurrengo egunetan eginiko protestetan. Itzalketa horretan konplize izatea leporatu zioten Eusko Jaurlaritzako, bertako teknikarien oniritziarekin egin zela argudiatuta. Erakunde publikoek, euren aldetik, hainbat aldiz atera dute lehen lerrora lantegia berriro irekitzeko interesa izan zezaketen inbertsoreen gaia; baina, gaur gaurkoz, ez dago albiste berririk horri lotuta. 

Apirilaren hasiera amaitu zen kaleratzeen auzia, Guardianeko langile gehienek onartu baitzuten enpresa ixteko zuzendaritzaren proposamena eta, ondorioz, uko egin zioten epaitegietara joateari. 

Gaur gaurkoz, bi langile geratzen dira lanean fabrikan, desmuntaketa eta mantenu lanak burutzen. Ikusteke dago zer gertatuko den multinazional estatu batuarrak Laudion dituen 30 hektarea lur eta jabetzekin. 

Villosaren itzal luzea

Bien bitartean, itxierak sortutako aje emozional kolektiboa da ziurra den gauza bakarra. Izan ere, 171 kaleratzeetatik harago (ez dela, inondik inora, txantxa) Guardianen itxierak inpaktu psikologikoa sortu du eskualdeko herritarrengan, nagusienak diren horietan batez ere. 

Izan ere, kontuan izan behar da Altzarraten kokatutako beira fabrika Villosa izan zela 1986. urtera arte. 1934an sortu zen konpainia hori, Delclaux familiaren eskutik, eta ez zen enpresa huts bat izan, ez zen langileak enplegatu eta beira ekoiztera mugatu. Frankismo garaian oso hedatua egon zen “kapitalismo paternalista” bete-betean aplikatu zuen fabrika horrek Laudion, herriko bizitza sozial zein kulturalean inplikazio handia izanez. 

Pertsonarik nagusienek oraindik izango dute memorian iltzatuta fabrikak antolatzen zuen haurrentzako marrazki lehiaketa entzutetsua, edo lantegi sarreran zegoen parkea, edo nola igaro zen CD Villosa gaur egungo CD Laudio izatera, edo nola eraiki zituen enpresak langileentzako etxebizitza blokeak Jesus Guridin, Larrañon eta El Manzanalen. 

Guardian Villosa izan zen 1986 urtera arte, eta konpainia hori ez zen beira fabrikatzera mugatu, eragin handia izan zuen Laudioko bizitza ekonomiko, sozial zein kulturalean.

Nostalgiaren tranpa

Hori ikusita, normala da Guardianen itxierak nostalgia olatu bat altxatu izana herritar askoren artean. Ez da (beste) fabrika baten itxiera hutsa, Aiaraldeari XX. mendean zehar forma eman zion eredu industrial baten azken laginaren desagerpena baizik. 

Baina olatuei aurre egin behar zaie. Nostalgia oso tranpatia da, eta aspaldiko garaiak idealizatzea, alferrikakoa izateaz gain, arriskutsua izan daiteke, frankismoaz hitz egiten ari garelako, noiz eta garai horretan ustez omen zegoen bake sozialarekiko begirunea hedatzen ari den une batean. Nostalgiaren olatua erraz bilakatu daiteke olatu erreakzionario.

Horregatik, Aiaraldeko industriaren "urrezko arora" itzultzea deseatu ordez, gehiago merezi dezake aurrera begiratzea, etorkizun kolektibo desiragarrigoak marrazteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide