Segurtasunaren pertzepzioak okerrera egin du eskualdean 2025eko azken hilabeteetan, etxeetan zein ibilgailuetan, bereziki, egindako lapurreta txikien ondorioz. Egoera, berez, ez da guztiz berria izan. Azken 10 urteetan horrelako boladak gertatu dira eta agertu diren moduan, desagertu dira beranduago. Horrela baieztatu zion Ertzaintzak Aiaraldea Komunikabideari azaroan, Ertzain Etxean bertan egindako elkarrizketan. Solasaldi horretan poliziak berak ez zuen ezkutatu azken hilabeteetan zenbait delituren gorakada egon denik, baina, aldi berean, nabarmendu zuen tokiko tasek erakusten dutela hemengo zonaldea segurua dela, EAEko delituen bataz-bestekoaren azpitik baitago Aiaraldea.
Halaber, agenteek aipatu zuten eskualdeak bizi duen egoera ziklo batean kokatu behar dela eta aurreko zikloei aurre egin zaien moduan, honi ere konponbidea topatuko diotela.
Aldagai berriak
Nola eraikitzen da segurtasunaren pertzepzioa? Aiaraldean naturalak izan ez diren heriotzak azken bi hamarkadetan izan dira Amagoia Elezkanoren hilketa matxista, eta trafiko edo lan istripuak. Horiek, izugarri larriak izanik, ez dute inolako psikosia sortu. Salbuespen horiek alde batera utzita, eta ohiko elementu objektiboei erreparatuta, delitu tasak ez dira sortutako alarma sozialaren tamainakoak, Ertzaintzak argitu duenez. Orduan, zerk eragiten du herritarren ezinegon orokortua? Horri erantzuteko aldagaiak anitzak dira, baina ezin da ukatu, alde batetik fenomeno global bat dagoela (Fake newsak, buloen zabalpena...). Bestetik, Aiaraldean bertan zenbait herritarrek ekarpen erabakigarria egiten dute sare sozialetan eta herrietan dauden Facebook taldeetan histeria puzten eta, bereziki, arrazismo atmosfera kutsakorra prestatzen.
Ertzaintzak argitu du Aiaraldeko delitu tasa EAEko bataz-bestekotik behera dagoela. Orduan, zergatik sortu da psikosia segurtasunaren inguruan? Zein elementuk eragin dute pertzepzio hori?
Esaterako, norbaitek asmatu du Laudioko Udalak etxe okupatu bati jarri diola elektrizitatea eta beste askok zabaldu dute zurrumurru hori. Eta hemen paradoxa bat aipatu behar da. Zer zegoen lehenago, delitua, gezurra edo aurreiritzi arrazista?
Ukaezina dena da etengabe bor-borrean dabilen presio horrek emaitzak eman dituela. Inuzentea badirudi ere, kanpainak ondorio psikologiko argiak izan ditu eta ez bakarrik herritar zuri eta hegemonikoen artean. Aspaldi Aiaraldeko herritarrak direnen artean beldurra ere existitzen da, zarata horrek guztiak ez ote dituen kaltetuko arrazializatuak izateagatik. Izua, hortaz, ez dago bakarrik aiaraldear "kanonikoen" gorputzetan, euren buruak ezberdin ikusten dutenek ere beldurra dute. Hori bai, oso bestelako arrazoiak dira euren amesgaiztoak elikatzen dituztenak. Torre Pachecoko indarkeriaren itzala dago askoren buruetan, segurtasuna aitzakia hartu duen oldarraldi arrazista ikusita.

Okupazioa
Bor-borrean dagoen lapiko toxikoari gradu batzuk gehiago eman dizkion beste fenomenoa izan da okupazioarena. Alegia, kale gorrian bizi diren dozenaka lagunek hutsik zeuden zenbait higiezinetan sartu dira bizirauteko, eta hemen hitza "bizirautea" da, eta ez "bizitzea". Izan ere, toki horiek okupatzen dituzten pertsonek ondo baino hobeto dakite hainbat hamarkadetan abandonaturik egondako eraikinek ez dutela betetzen etxebizitza duin baten eginkizuna. Are gehiago, kontziente dira euren osasuna arriskuan jartzen dutela hezetasuna (askok arnasketa arazoak adierazten dituzte jadanik), akaroak edota plagak (arratoiak) direla medio.
Edonola ere, hori da daukaten aukera bakarra kalea ekiditeko. Okupazio horiek, bereziki Laudio edota Luiaondoko herrigunetan gertatu direnak, izebergaren puntari baino ez diote ikusgarritasuna ematen. Herritarrek ikusten dutena da gizon txiro eta atzerritarrak bat-batean euren herrietan agertzen direla, baina oharkabean pasatzen zaie atzean, uretan hondoratuta, dagoena: erakunde publikoen desinteresa eta zerbitzu sozialen kolapsoa premiazko beharrei (teilatu baten azpian lo egiteari) erantzuteko.
Ezin da ukatu okupazio batzuek elkarbizitza arazoak sortu dituztela zenbait komunitatetan, baina bitartekoak dituzten erakunde publikoek ez dute inolako esku-hartzerik sustatu horiek konpontzeko edo zubiak eraikitzeko.
Bestalde, ezin da ukatu kasu batzuetan okupazioek eta etxe horietan dagoen gainpopulazioak eta aldakortasunak elkarbizitza arazoak ere sortu dituela eta herritarrek eta tokiko erakundeek ez dutela inolako tresnarik izan aurre egiteko: ez gizarte hezitzailerik, ez interpreterik... Erakunde publikoek erantzun bakarra ematen dute fenomeno horren aurrean: salaketak eta bide judiziala. Eta hemen saku berean sartzen dituzte bi errealitate oso ezberdin: lapurreta delitu txikiak eta okupazioa. Okupazioak oinarrizko behar material ukaezinari erantzuten dio eta hori, berez, ezin da kriminalizatu, ez modu berdinean behintzat, errealitate bat delako, eta inondik inora ere aukera bat.
Nazionalitatearen tranpa
Ultraeskuinak sortutako eztabaida faltsuaren ondorioz, delitugileen jatorria zabaltzeari ekin dio Ertzaintzak. Aiaraldea Komunikabideak (beste hedabide askok egiten duten moduan) ez du datu horien berri ematen, aspaldi horrela jaso baitzuen bere kode deontologikoan. Berez, jatorriak ez dio balio erantsirik ematen albisteari, ez du testuingururik azaltzen eta, aldiz, estereotipoak indartzen ditu.
Baina, horrez gain, badago pisuzko beste arrazoi bat informazio hori ez jasotzeko: Ertzaintzak ez duela berri ematen argitzen dituen kasu guztiei buruz. Judizializatzen dituen eginbideen kopuru oso txikia lantzen du komunikatiboki prentsa oharren bidez eta ondorioz, proiektatzen duen laginak ez du errealitatea islatzen. Informazioa modu aleatorioan azalaratzen dute. Datu jario hori ez da neutrala, oso baldintzatuta dago. Adierazpen honekin ez dugu esan nahi, inondik inora, konspirazio bat dagoenik atzean, baina azpimarratu behar da Ertzaintzak arrazoi ugari dituela ikerketa eta kasu asko ezkutuan mantentzeko: prozesu luzeak izatea, ikerketak amaitu gabe egotea, eginiko lana arriskuan jarri nahi ez izatea edota biktimak babestea, besteak beste. Irizpide politikoak ere hor daude, nazionalitatea argitaratzea Bingen Zupiria Sailburuaren erabakia izan zen moduan.
Aipatutako baldintza horiek guztiek eta gehiagok eragiten dute poliziaren prentsa-oharrek maiz zerikusia izatea garrantzi txikiko delituekin edota alarma soziala eta oihartzuna izan dutenekin. Hortaz, erabat partzialak dira eta nazionalitatearen informazioak guztiz desitxuratu dezake delituaren errealitatearen irudi orokorra (egun gertatzen ari den moduan).
Kale gorrian lo egitea ekiditeko duela hamarkadak hutsik zeuden etxe hondatuak okupatu izanak histeria eragin du hainbat herritarrengan, baina ez horren atzean dagoen zerbitzu sozialen kolapsoak eta erakunde nagusienen interes faltak eta utzikeriak.
Ustezko zigorgabetasuna
Ultraeskuinak bolo-bolo zabaldu duen beste buloetako bat da delitu txikiak egiten dituztenek zigorgabetasun osoa dutela, baina eskualdean badaude hori demuntatzen duten adibideak. Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, delitu txikiak egin dituztenek (gutxi batzuek) alde egin behar izan dute legearen zama ekiditeko, eta baten batek kartzelan amaitu du.
Okerrena da Aiaraldean okupazioetan bizirauten geratu direnak (txatarra jasotzen eta EPAn edo Lanbide Heziketan ikasten, adibidez) euren estigma eraman behar dutela gainean, eta ez hori bakarrik. Higiezin okupatuetan daudenek kaleratze prozesuak dituzte abian eta isun ekonomikoei ere egin beharko diete aurre, euren miseria eta kale egoerari zorrak (eta egoera legala erregularizatzeko zailtasunak) gehituta.
Aldiz, ultraeskuinak sortutako hauts lainoaren azpian erasoak egiten ari direnak, zigorgabetasun osoz aritzen dira. Bi kasu aipatu ditzazkegu, Aiaraldea Komunikabideak jakin izan dituenak. Alde batetik, desokupazio enpresa batek okupatutako etxe batean zeuden pertsonak gaseatu zituen. Bestetik, herriko jai batzuetan jende talde handi batek azal iluneko pertsona bat jipoitu zuen, inolako ondorio legalik gabe.