Osasuna eta elikadura ikuspegi feministatik lantzeko hiru tailer teoriko-praktiko eskainiko ditu Faktoriak datozen hilabeteetan

Maider Ramirez Martin 2026ko otsailaren 3a

Andrea Velasco sukaldariak gidatuko ditu saioak. / Aiaraldea.eus

Otsailaren 5ean, 19an eta martxoaren 5ean izango dira saioak, Andrea Velasco nutrizionistaren eskutik. Giza papilomaren birusaren infekzioa, hilerokoaren zikloa eta menopausia landuko dira, hurrenez hurren.

Osasun arlo guztiak gizon zuriaren ikuspegitik landu ditu zientziak historikoki, eta emakumea, eremu horretan ere, bigarren maila batean geratu da. Hala uste du Andrea Velasco nutrizio adituak, eta gehitu du horrek gaiari buruzko ezjakintasuna eta estigma sorrarazi dituela gizartean. 

Testuinguru horretan alea jartzera dator “Osasuna eta elikadura, ikuspegi feministatik” zikloa, Bor-bor Aiaraldeko Feminismo Elkarteak eta Elikadura Faktoriak elkarlanean antolatua.

3 saio, 3 gai ezberdin

Zikloak hiru saio izango ditu eta horietako bakoitzean gai nagusi bat jarriko da mahaigainean: giza papilomaren birusa, hilerokoaren zikloa eta menopausia. Guztiak ere emakumeen bizitzetan eta gorputzetan eragin zuzena duten arren, oraindik ere tabu, estigma eta beldurrez inguratuta dauden gaiak dira, Velascoren arabera.

Zikloak hiru saio izango ditu eta horietako bakoitzean gai nagusi bat jarriko da mahaigainean: giza papilomaren birusa, hilerokoaren zikloa eta menopausia

Gaiok ikuspegi feministatik lantzearen garrantzia ere nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, azaldu dutenez, osasuna ez dute modu berean bizi gizonek, emakumeek edo genero disidenteek. Emakumeek, oro har, zaintza-lan gehiago hartzen dituzte beregain, lan baldintza prekarioagoak izaten dituzte eta kalitatezko denbora libre gutxiago dute norberaren zaintzarako. Horrek guztiak eragin zuzena du elikaduran, atsedenean, kirol jardueran eta harreman sozialetan, eta, ondorioz, osasunean.

GPBren infekzioaren kasuan, birusa promiskuitatearekin lotzeak lotsa eta erru sentimenduak eragin ohi ditu. Tailerrean, birusaren funtzionamendua, Osakidetzaren baheketa-probak eta immunitate-sistema indartzeko gakoak landuko dira, besteak beste, elikaduraren bidez.

Hilerokoaren zikloa bizi-seinale gisa ulertzea izango da bigarren saioaren ardatza. Zikloan gertatzen diren aldaketek gorputzak bidaltzen dituen mezuak dira, dena ondo ez dabilen seinale. Elikadurak, hala nola energia nahikoa izateak edo nutriente jakinek funtsezko zeregina dute beharrezkoa den oreka mantentzeko.

Azkenenik, martxoaren 5ean, menopausiak gorputzetan duen eraginaz arituko dira parte hartzaileak. Tailerrean, hormona-aldaketek gorputzean duten eragina eta elikaduraren bidez nola lagundu daitekeen aztertuko da: isoflabonak, kaltzioa eta bestelako elikagai gakoak izango dira hizpide.

Horrekin batera, menopausiaren kutsu negatiboa deseraikitzeko lanketa egingo da. Izan ere, nahiz eta Mendebaldeko herrialdeetan garai honetan emakumeak balio soziala galtzen duen sinesmena handia bada ere, Andrea Velascok beste kultura batzuetako ideiak ekarriko ditu gurera. Esaterako, azaldu du Japonen koneki terminoa erabiltzen dela menopausia izendatzeko, zeinak “aldaketa edo berritze urteak” esan nahi duen, eta jakinduriaren garaitzat hartzen dela.

Liburuetatik sukaldera salto

Saio guztiak izaera teoriko-praktikoa izango dute. Lehenengo zatian eduki teorikoak landuko dira, eta bigarrenean, ikasitakoa praktikara eramango da, parte-hartzaileek errezeta bat edo bi prestatuko baitituzte. Tailerren izaera kontuan izanda, talde txikietara bideratzeko hautua egin dute antolatzaileek. 

Gauzak hala, gehienez 12 lagun egongo dira saio bakoitzean eta espazio ez-mistoa izango da; emakume eta genero disidenteentzako, konfiantza giroa bermatzeko. Hitzordu guztiak euskaraz eta doan izango dira, Arabako Foru Aldundiaren eta Laia Eskolaren babesari esker.

Velascoren hitzetan, helburua argia da: informazioa partekatzea, hitza ematea eta gorputzean gertatzen zaiguna modu naturalean eta kolektiboan bizitzeko tresnak eskaintzea. Beldurrik eta lotsarik gabe, osasunari  eta elikadurari bizitzan duten zentralitatea ematea xede.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide