Sarrigurenen gertatutako hilketa matxista gaitzetsi dute Aiaraldean

Erredakzioa 2026ko otsailaren 24a

Sarrigurenen gertatutako hil 5 1771882414454
Sarrigurenen gertatutako hil 1 1771882404582
Sarrigurenen gertatutako hil 2 1771882407064
Sarrigurenen gertatutako hil 3 1771882410784
Sarrigurenen gertatutako hil 4 1771882413221
Sarrigurenen gertatutako hil 6 1771882415439

Aiaran eta Amurrion elkarretaratzeak egin zituzten atzo Euskal Herrian 2026an jazotako lehen hilketa matxista salatzeko. Hiltzailea kartzelaratu dute. 

Ostiralean gizon batek bere bikotea hil zuen Sarrigurenen, Nafarroan. Krimen matxistak Euskal Herriko hainbat txokotan atera du jendea kalera eta Amurrio eta Aiara egon dira horien artean. Aiaran goizez eta arratsaldez egin zuten elkarretaratzea eta Amurrion ere mobilizazioa egin zuten arratsaldean.

Berria komunikabideak azaldu duenez, Nafarroako Erresuma etorbideko etxe batean izan zen hilketa. Gizonezkoak labanaz egin zion eraso 28 urteko bikotekideari, eta, larrialdi zerbitzuak bertara joan zirenean bizirik bazen ere, ezin izan zuten emakumea suspertu.

Ebazpen judizialean jaso dutenaren arabera, gizonak gutxienez 34 labankada eman zizkion bikotekideari. Horrez gain, gizonak larri zauritu zuen bere ama; Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten, eta ebakuntza bat egin behar izan zioten. Bikoteak lau seme-alaba dauzka, guztiak adin txikikoak; horietako batek gertatutakoa ikusi zuela adierazi du epaileak.

Epailearen arabera, gizonak "muturreko bortizkeria" erabili zuen emakumearen aurka, eta "agerian" gelditu da emakumea "muturreraino kontrolatzeko beharra" zuela.

Mugimendu feministaren irakurketa

Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak deitu ditu elkarretaratzeak. Eragile horren arabera, indarkeria matxista "sistema zapaltzaile honen ezinbesteko tresna" da. "Kapitalismoak, kolonialismoak eta patriarkatuak gure gorputzak eta bizitzak kontrolatu nahi dituzte, eta kontrol hori mantentzeko bortizkeriarik gordinena erabiltzen dute emakume* identitate zein gorputz disidenteon aurka", nabarmendu dute elkarretaratzeen amaierako irakurketan. 

Horrekin batera, gaineratu dute erailketa hau "banatze prozesu baten testuinguruan" gertatu dela. "Emakumeak* bere bidea egitea erabakitzen duenean, gizonak indarkeria erabiltzen du bere nagusitasuna berresteko. Ez da pasio-kontu bat, boterearen erabilera hiltzailea baizik", salatu dute.

Horrekin batera, interpelazio zuzena egin diete gizonei zein erakunde publikoei, eta aldarrikatu dute emakumeak ez direla biktimak, "subjektu politikoak" baizik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide