Duela bi aste eskas langileekin batzarra egin ondoren, Tubacex enpresako sindikatuek ikusi zuten ekintza bateraturako tartea zegoela Amurrion eta Laudion, guztiek argi baitzuten multinazionalaren asmoak "atzerakoiak" direla lan hitzarmen kolektiboaren negoziaketan.
Lehen mugarri horren ostean, langile erakundeek lehen mobilizazioa deitu dute ostegunerako, negoziazioa desblokeatzeko eta hitzarmen berriak aurrera egin dezan.
Zehazki, bi orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean. Hortaz, asteazkenean lanpostura sartuko diren gaueko txandalariek 04:00etatik 06:00ak arte utziko diote lan egiteari. Goizeko txandakoak 12:00etatik 14:00ak arte daude deituak eta arratsaldekoak 14:00etatik 16:00etara bitartean.
Berez, sindikatuek asmoa daukate elkarretaratzeak egiteko Laudio eta Amurrioko lantegietan lanuzteek iraun bitartean.
Berez, plazaratutako aldarrikapenak honako hauek dira:
• Erosteko ahalmena berreskuratzea
• Lanaldi-murrizketa
• Baimenak arautzea
• Enplegu-bermea
• Balioaniztasuna arautzea
• Titulartasunak eta sustapenak