M17 Greba Orokorra Aiaraldean

Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak bat egin du martxoaren 17rako greba orokorrerako deiarekin

Erredakzioa 2026ko martxoaren 16a

Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko langileak, grebaren deialdia zabaltzeko talde argazkian. / Aiaraldea.eus

Faktoria itxita egongo da astearte osoan, eta kooperatibaren ildoek ez dute jardunik egingo. 

Biharko deituta dagoen greba orokorrarekin bat egin du Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak. Hori dela eta, elkartearen egoitza den Faktoria itxita egongo da egun osoan eta ildoek ez dute jardunik egingo.

Aiaraldea Komunikabidearena izango da salbuespen bakarra. Bertako kazetariek lan boluntarioa egingo dute grebaren jarraipena egiteko, eta horretara baino ez dira mugatuko.

Grebaren nondik norakoak

Greba orokorra deitu dute martxoaren 17rako Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiruk). 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzea da protestaren helburu nagusia, “Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko” lemapean.

Iragan martxoaren 7an egin zuten Amurrioko Refor enpresaldean lanuztera batzeko agerraldia, Tubos Reunidoseko, Maderas de Llodioko, jantokietako eta beste enpresa eta sektore batzuetako langileekin.

Bertan aldarrikatu zuten eskualdean "arrazoiak soberan" daudela deialdira atxikitzeko. Hain zuzen ere, "bizitzaren garestitzea" da zergatietako bat. Agerraldian salatu zutenez, “geroz eta gehiago, bizitzaren garestitzea errealitate gordin bilakatzen da auzokide askorentzat. Enpresarien mozkinek gora egiten duten bitartean, gure soldatak ez dira neurri berdinean handitzen. Eta inflazioaren krisiak erosahalmena galtzea ekarri du azken urteetan”.

Horrez gain, Aiaraldeko "industria ehuna kolokan" dagoen garai honetan, biharko grebaren premia gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeaz harago doa eskualdean. Maderas de Llodion eta Tubos Reunidosen mahai gainean dauden kaleratze kolektiboak jarri zituzten horren adibide gisa. 

Egun osoko egitaraua

Goizeko bostetan hasiko dira grebari lotutako ekintzak eskualdean. Ordu horretan, piketeak hasiko dituzte Laudio eta Amurrioko industriaguneetan, Telefonicatik eta Lateorro aparkalekutik abiatuta, hurrenez hurren. Eguerdian Gasteizko manifestaziora joateko deia egin dute, eta arratsaldean eskualdeko mobilizazioa egingo dute Laudion, 18:00etan Lamuza plazatik abiatuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide