Bideopodcast berria abiatuko du Aiaraldea Komunikabideak: Hurrengo Geltokia. Asteazken honetan aterako da labetik, eta bi astean behin emitituko da.
Aktualitatearen zurrunbilotik kanpo dauden baina, era berean, herritar askoren ahotan dabiltzaten gaiei buruz patxadaz solasteko parte hartuko dute podcastean hainbat gonbidatuk, Faktorian bertan atondutako platoan. Haien lanbideak, zaletasunak edo bizi esperientziak direla eta asko esateko duten aiaraldearrek hartuko dute hitza bi asteazkenean behin.
Podcasta iragartzeko zabaldutako bideoan aurreratzen denez, bestelako erritmo bat izango dute saio berri hauek, eta gertakizun zehatzek baino, gure artean isilka dabiltzan galdera potoloek hartuko dute lekua. Spotak, era berean, Hurrengo Geltokia su geldoan kozinatutakoa dela aditzera ematen duten hainbat pista agerian utzi ditu dagoeneko, kolorea (edo hobeto esanda, kolorerik eza) da horietako bat.