Paperaren eta kartoiaren bilketarekin dauden arazoak kudeatzeko aplikazio informatiko bat sortzea proposatu du EH Bilduk

Txabi Alvarado Bañares 2026ko apirilaren 7a

Artziniegan egon dira arazoak bilketarekin batez ere. / Artziniegako Udala

EH Bilduk uste du Aldundia gaur egun ez dela gai "lurraldearen egungo egoera sistematizatzeko eta monitorizatzeko", eta horretarako soluzio moduan planteatu du 'app'-a sortzea. 

Mozioa aurkeztu du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan, paperaren eta kartoiaren bilketarekin sortutako arazoei aurre egiteko proposamen batekin. Aplikazio informatiko bat sortzea planteatu du koalizio subiranistak, tokian tokiko erakundeek zein herritarrek baliatu ahalko luketena sortzen diren arazoen inguruko informazioa helarazteko Foru Aldundiari. App hori "hiru hilabeteko epean" sortzea eskatu du opozisioko talde politikoak. 

Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak azaldu duenez, 2004az geroztik Aldundiaren eskutan dago bilketa zerbitzuaren  kudeaketa, eta "badira gutxienez bi urte, zerbitzua oso modu eskasean garatzen ari dela eta kalte handia eragiten ari zaiela Arabako udalerri guztie". 

EH Bilduko kideak gogora ekarri du iazko udan beste enpresa bati esleitu zitzaiola zerbitzuaren kudeaketa, baina salatu du arazoa ez dela konpondu. 

EH Bilduk gogora ekarri du iazko udan beste enpresa bati esleitu zitzaiola zerbitzuaren kudeaketa, baina salatu du arazoa ez dela konpondu. 

"Joan den urtarrilean ia hogei udalek eta kuadrillak eskatu zuten, besteak beste, Aldundiak bere erantzukizuna bere gain hartzea eta udalerrietan zerbitzu hori behar bezala garatzeko beharrezko neurriak hartzea, eta Udalekin elkarrizketa iraunkorra izatea, zerbitzuaren egoerari eta garapenari buruzko informazio eguneratua emateko", azaldu dute EH Bilduko kideek. Euren hitzetan, zerbitzuaren arduradun politikoa den Saray Zarate diputatuak aitortu du enpresa berria ez dela kontratuan ezarritako klausula guztiak behar bezala betetzen ari. 

Gainera, koalizio subiranistak gai honen harira egondako "kexa eta erreklamazioak" eskatu zizkion Aldundiari, baina honek "gutxi batzuk" baino ez zizkion helarazi. Horren aurrean, EH Bilduk ziurtatu du helarazi dizkiotenak baino erreklamazio gehiago daudela. 

Dena den, jasotako kexa eta erreklamazioetatik ondorioak atera ditu EH Bilduk: "Jasotako erantzunetatik ondorioztatu daiteke, Zarate andereak zuzentzen duen saila ez dela gai lurraldearen egungo egoera sistematizatzeko eta monitorizatzeko, eta hori benetan kezkagarria iruditzen zaigu. Izan ere, arazoaren tamaina argi izan gabe, ezinezkoa da behin betiko konponbide eraginkor bat ematea". Horri aterabidea emateko eskatu dute aplikazio informatikoa sortzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide