Artziniegako Udalak urrats berria egin du Arabako Foru Aldundiari bere desadostasuna agertzeko kartoi eta paper bilketa zerbitzuarekin. Hain zuzen, gutuna bidali dio Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako Foru Departamentuari, arlo horretan dauden "etengabeko arazoak" konpondu ditzan.
Tokiko erakundeak aipatu du, gainera, ez dela baikorra Gabonetako hurrengo egunei dagokienez. Bere ustez, egoerak okerrera egingo du.
"Horrek esan nahi du Udala ezinean gabiltzala azalpenak eta argudioak emateko, are gehiago Udalak hondakinak biltzeko ordenantzan igoera handiak onartzetik gatozenean, eta horrelako egoerek edozein azalpen kareletik botatzen dutenean", adierazi du Joseba Vivanco alkateak.
"Beraz, papera eta kartoia biltzeko zerbitzua berehala konpontzeko eskatzen dizut", eskatu dio Vivancok Saray Zarate foru diputatuari gutunean.
Aipatu beharra dago soka luzeko afera dela aipatutakoa. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak berak jakinarazi zuen abuztuan Garbialdi enpresak hartuko zuela kartoi eta paper bilketaren kudeaketa, aurreko konpainiarekin (Daorje) zeuden arazoen ondorioz.
Hala ere, geroztik, Artziniegan behintzat, ez dira gertatu espero zituzten hobekuntzak eta azaroan bertan mozioa onartu zuten Aldundiaren esku hartzea eskatzeko.