Tubacexek ostiralera arte eman die sindikatuei lan hitzarmen kolektiboan egingo duen "azken eskaintzari" erantzuteko

Aitor Aspuru Saez 2026ko apirilaren 22a

Azken hilabeteetan egindako elkarretaratzeetako bat. / Aiaraldea.eus

ELAk, STATek eta CCOOk afiliazioarekin bozkatuko dute eta LABek erantzun du proposamena ez dela nahikoa.

Atzo bildu ziren Tubacex enpresako zuzendaritza eta sindikatuak Aiaraldeko lantegien  hitzarmen kolektiboa negoziatzeko. Bilerak ia lau ordu iraun zuen eta enpresak ostiralera arte eman zien langile ordezkariei bere azken eskaintza onartzeko.

Gauzak horrela, ELAk, STATek eta CCOOk iragarri dute euren afiliatuen artean bozkatuko dutela proposamena eta ostiralerako erantzungo dutela. LABek, ordea, salatu du "xantaia" dela ultimatuma egitea, urte eta erdiz negoziazioa blokeatu ondoren.

Hain zuzen, LABek ez du bat egiten Tubacexek eskaini duenarekin, baina baloratu behar du zer egingo duen, sortu den egoera dela medio.

Vocentoren presioa

Testuinguru horretan, Vocento taldeko El Correo egunkariak artikulua plazaratu du gaur adierazteko zuzendaritza aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea prestatzen ari dela eta enpresako zein sindikatuetako iturriak aipatu ditu.

Langileen ordezkariek, aldiz, ez dute horrelakorik berretsi, edo ez guztiek behintzat. Azaldu dute bilera amaitzean konpainiak iradoki zuela azken eskaintza ez bazen onartzen, behin-behineko neurriak hartuko zituztela, baina ezer zehaztu gabe.

El Correo egunkariak artikulua plazaratu du gaur adierazteko zuzendaritza aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea prestatzen ari dela. Sindikatuek, aldiz, ez dute horrelakorik berretsi.

Enpresaren proposamena

Azken asteetan hainbat lanuzte arrakastatsu egin dituzte Tubacexeko langileek lan hitzarmen duina lortzeko. Aiaraldea Komunikabidea ELA eta LAB sindikatuekin jarri da harremanetan eta eskaintzaren balorazio oso ezberdina egin dute.

ELAk uste du enpresaren proposamenak ez duela betetzen aldarrikatu dutena, baina bozkagarria dela. LABentzat, aldiz, "ez da nahikoa inondik inora".

Gogoratu beharra dago negoziazioen korapiloetako bat izan dela 2021eko grebaren ondoren kaleratze guztiak gelditzea lortu zutela, baina soldatak izoztu zituztela. Horren ostean KPIa asko igo da. 

Gauzak horrela, galdutako erosmen gaitasuna orekatzeko, enpresak proposatzen du 2.000 euroko aparteko kobrantza bat aurten aurreko urteetako galera konpentsatzeko. Horrez gain, eskaini du, 2025an KPIa gehi %1,75 kobratzea eta 2026-2029 tartean KPIa gehi %0,5.

Inbertsioen eta ekoizpenaren esparruan Tubacexek proposatu du Abu Dhabirako egingo den eskariaren %80 Aiaraldean produzitzea eta aurreko urteko negozio kopuruaren %1a tokiko lantegietan inbertitzea.

LABen erantzuna

Gaur eguerdian LAB sindikatuak bere jarrera azaldu du prentsa ohar bidez eta goizean Aiaraldea Komunikabideari aurreratu bezala, ez du akordioaren alde egingo.

Lehenik eta behin, erakundeak salatu du prozedura ez dela serioa izaten ari: "Ezin da bi hilabete baino gehiago negoziatu gabe egon eta bost urteko hitzarmen bat egun gutxitan ixtea pretenditu".

Sindikatuaren aburuz, atzo hasi zena bilerarekin "presio-testuinguru batean akordio azkar bat behartzeko operazio bat da".

LABen iritzia Tubacexen eskaintzari dagokionez argia da: "Aurkeztutako proposamenak hobekuntza ekonomikoak saltzea du helburu, baina benetan ez dute azken urteetan metatutako erosteko ahalmenaren galera konpentsatzen, eta oso urrun geratzen dira plantillak galdu duenetik. Eta hori guztia funtsezko gaietan benetako aurrerapenik gabe: eskubide sozialak, mugikortasunaren mugak edo enplegu-bermeak".

Nahikoa ez den eskaintza horrekin alderatu dute Vocento taldeak zabaldutako alarma mezuak eta aipatzen ez den informazioa: "Ez da esaten 2025ean Tubacexek 25 milioi euro inguru banatu dituela dibidendutan, azken urteetako mailarik altuena. Ez da esaten enpresak berak 2026an ere etekinak banatzen jarraitzea aurreikusten duela. Ez da esaten aurreikuspen positiboak dituela. Ez da esaten, plantillari zuhurtzia eskatzen zaion bitartean, goian dirua banatzen jarraitzen dela".

Hori dela eta, antolaundearen apustua da langileek azken hilabeteetan erakutsitako indarra baliatzea eta ez sartzea enpresak ezarritako epe mugetan. "LABek eskatu du proposamena plantillarekin aztertzea, presarik gabe eta xantaiarik gabe. Izan ere, jokoan dagoena ez da akordio puntual bat, datozen urteetako lan-baldintzak baizik.
Plantillak jada bere indarra erakutsi du. Lanuzteek mugarri bat ezarri dute. Eta erakutsi dute, halaber, mobilizazioa dagoenean, enpresa mugitu egiten dela".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide