Gaur bi orduko lanuzteak egiten ari dira Tubacex enpresan eta protestaren antolatzaileek azpimarratu dute ia erabateko jarraipena duela egitasmoak, aurrekoek bezala. "Behin-behineko kontratua duten langile batzuk, enkargatuak eta pare bat langile baino ez dira sartu lantegira ordu horietan", adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari iturri sindikalek. Gaueko eta goizeko txandek lan egiteari utzi diote jadanik.
Berez, STAT, ELA eta LAB erakundeek bultzatu dituzte mobilizazioak, baina ziurtatu dute CCOOko beharginak ere parte hartzen ari direla lanuzteetan.
Gaurko protestak hiru eguneko ziklo baten barruan daude eta aurretik beste bat egin zuten. Urrats hori egitea erabaki zuten zenbait sindikatuk lan hitzarmen berri eta hobea erdiesteko, ez baitute zuzendaritzan ikusi hitzarmenaren baldintzak hobetzeko asmorik.
Berez, aldarrikapen horretan adostasuna sumatu zuten duela aste batzuk egindako batzar orokorrean eta ekintza bateratua sustatzea erabaki zuten langile erakunde gehienek.
Argazkiak: Tubacexeko langileak