Arrakasta badauka, zertarako aldatu? Printzipio hori guztiz barneratuta dute San Prudentzioko ospakizunetako antolatzaileek. Urteak daramatzate apirila bukaerako ospakizun horretan eskema berdina errepikatzen Amurrion zein Laudion, baina hori ez da oztopoa urtero ehunka lagun biltzeko.
Urtero bezala, hezkuntza zentroek ekingo diote giroa berotzeari, ostiral honetan bertan, gaur (apirilak 24). Amurrion 15:30ean egingo dute Danborrada Txikia, Juan Urrutia plazan. Laudion, aldiz, arratsaldeko seietan jarri dute zita. Ondoren, tailerrekin, txosnarekin eta Imanolen disko-dantzarekin luzatuko dute arratsaldea.
Laudion, bi egun
Laudion Rakatapla elkartea da San Prudentzioko ekitaldiak antolatzen dituen elkartea, eta bi osagai nagusi baliatzen ditu horretarako: barraskilo dastatzea eta danborrada. Igandean (apirilak 26) egingo dute lehena, 12:30ean Herriko plazan. Ez dira horretara mugatuko. Puzgarriak, egurrezko jolasak eta musika ere eskainiko dituzte goizean zehar, eta baita euskal dantzen erakustaldia ere, Akelarre taldearen eskutik.
Hurrengo egunean, aldiz, danborradaren txanda helduko da. Gaueko hamarretan abiatuko dira Aldai plazatik. Herriko kale nagusiak zeharkatuko dituzte, handik bi ordutara Herriko plazan amaitzeko. Izan ere, urtero bezala, erretreta eta udaletxeko balkoiko ikurriñaren igoera egingo dituzte.
Amurrion ere, betiko eskema
Amurrion, aldiz, apirilaren 27ko arratsalde eta iluntzean pilatuko dituzte jarduera guztiak, ohiko eskema mantenduta. 19:30ean Frontoi kaletik abiatuko da denborrada, eta hainbat kale zeharkatuko ditu (Jose de Medinabeitia, Etxeguren gotzaina, Larrinaga, Iturralde, Aira etorbidea eta Landako) San Anton plazara iritsi baino lehen. Bertan egingo dute azken erakustaldia, Beti Jai fanfarrearen laguntzarekin, eta jarraian ekingo diote barraskilo kazolak banatzeari. Ondoren, gaueko bederatzietan, berriz abiatuko dira danbor-jotzaileak, Udaletxe aurrean amaituko den kalejiran.
Artziniegan, nagusientzat
Apirilaren 28a jai eguna izango da Araban, eta Artziniegako Nagusien Elkarteko kideek aukera baliatuko dute bildu eta elkarrekin gozatzeko. Meza egingo dute hamabietan parrokian, eta La Encina jatetxera joango dira gero bazkaltzera. Bukatzeko, bailableak izango dituzte frontoian, 17:30etatik aurrera.