Tubacexek lan hitzarmen berria izango du, sindikatu gehienek zuzendaritzak eginiko azken proposamenaren alde egin ostean. Negoziazioa blokeatua egon da orain arte eta, ondorioz, langileen soldatak ez dira 2021tik eguneratu, KPIa nabarmen igo den arren.
Administrazio kontseiluan, aldiz, soldata eta dietek gora egin dute urtez urte. 2021ean 1.497.000 euro banatu zituzten bertako kideen artean. Iaz, aldiz, 2,2 milioi banatu zituzten orotara 14 kontseilariren artean (2024an baino 479.000 euro gehiago).
Gainera, kontuan hartu behar da kontseilari asko akziodun nabarmenak ere direla, eta modu horretan ere lortzen dituztela mozkin esanguratsuak, dibidenduen bidez.
Hemen ikusi daitezke kontseilari bakoitzak urtez urte jaso duen diru kopurua:
3 milioi zuzendaritzako kideen artean
Administrazio kontseiluan ez dauden zuzendaritzako kideen artean, aldiz, apur bat ezberdinagoa da egoera. 3.059.000 euro banatu zituzten iaz, aurreko urtean 3.656.000 euro izan ziren bitartean. Gainera, kontuan izan behar da 2024an 11 kide zirela eta 2025ean, aldiz, 12.
Gauzak hala, kargu horien artean ere soldatek beherantz egin dutela ondorioztatu daiteke. Dena dela, euren egoera ez da inondik inora langileen berdina. Izan ere, kontuan izan behar da 2023an gorakada handia egon zela euren soldatetan, 6,7 milioi euro jasotzera iritsi baitziren orotara.
Grafiko honetan ikusi daiteke bilakaera 2021tik hona:
Honako hauek dira gaur egun zuzendaritzako kideak:
- Juan Antonio Gomez-Cordobes Mueller Ekialde Ertaineko zuzendari nagusia
- Manuel Sarabia Figueroa Zuzendari korporatiboa
- Anton Azlor Villa Zuzendari komertzial korporatiboa
- Iker Azkargorta Viteri Big pipes & fittings saileko zuzendari nagusia
- Diego Herrero De la Torre Berrikuntzako zuzendari korporatiboa
- Guillermo Ruiz-Longarte Perez Finantza zuzendari korporatiboa
- Javier Lorenzo Santiago Tubacex Amerikako zuzendari nagusia
- Celestino Danis Basurko Altzairu eta estrusioko zuzendari nagusia
- Ana Lopez de Mendoza Laburu Arriskuen eta barne-kontrolaren zuzendari korporatiboa
- Ajay Sambrani Asiako zuzendari nagusia
- Olalla Montes Vazquez Estrategia eta eraldaketa zuzendari korporatiboa
- Eduardo Monzon Urrutia Barne-auditoretzako zuzendaria
Tubacexek Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera igorritako txostenak ez du zehazten zehazki zenbat diru jasotzen duen bakoitzak.