Gaur goizean Tubacex enpresako langile ordezkariek eta zuzendaritzak bilera egin dute eta lan hitzarmen berriari argi berdea eman diote. Izan ere, multinazionalak epe muga jarri zien gaur arte sindikatuei eta horietako hiru (ELA, STAT eta CCOO) afiliazioarekin batu eta proposamena bozkatu dute.
Hiru erakundeetako kideek baiezkoa eman diote enpresaren proposamenari eta, ondorioz, 2029ra arte lan hitzarmen berria egongo da. Guztira, ELAko bost kidek, STATeko lauk eta CCOOko bakarrak bozkatu dute alde.
Gogoratu beharra dago negoziazioen korapiloetako bat izan zela 2021eko grebaren ondoren kaleratze guztiak gelditzea lortu zutela, baina soldatak izoztu zituzten eta KPIa asko igo da ordutik hona.
Gauzak horrela, galdutako erosmen gaitasuna orekatzeko, enpresak proposatzen zuen 2.000 euroko aparteko kobrantza bat aurten aurreko urteetako galera konpentsatzeko. Horrez gain, eskaini zuen 2025an KPIa gehi %1,75 kobratzea eta 2026-2029 tartean KPIa gehi %0,5.
Inbertsioen eta ekoizpenaren esparruan Tubacexek proposatu zuen Abu Dhabirako egingo den eskariaren %80 Aiaraldean produzitzea eta aurreko urteko negozio kopuruaren %1 tokiko lantegietan inbertitzea.
ELAren balorazioa
Ordezkari gehien duen erakundeak positiboki baloratu den akordioa "soldata-igoerak KPItik gorakoak baitira. Gainera, etorkizunari
berme osoz heltzen dio, plantillari eusteko konpromisoarekin, txanda-kontratua finkotasunez aplikatzen eta lantegi horietan lan-karga bermatzen duen inbertsio-plan bati esker. Horretaz gain, gizarte-gaietan aurrera egiten da, langileen euskalduntzeari bultzada emanez eta kontziliazioan zenbait hobekuntza eginez".
Beste puntu batzuk ere balioan jarri ditu sindikatuak: "Enpleguari dagokionez, 2025-2029 urteetarako errelebu-kontratua adostu da, errelebo-hartzaileentzako finkotasunarekin, baita 603 langileko plantillari eusteko konpromisoa ere. Lana eta familia uztartzeari dagokionez, bi urtez adingabekoak legez zaintzeko eszedentzietan gordeko da lanpostua. Klausula sozialen artean, nabarmentzekoa da ezagutza eta aprobetxamendua egiaztatu behar duten euskararen ikastaroen dirulaguntza egongo da. Ingelesari dagokionez, kanpo-ikastaroak diruz lagunduko dira nazioarteko proiektuetan parte hartzeko konpromisoa hartzen duten pertsonekin".
LAB desados
Akordioaren aurka agertu den sindikatua LAB izan da. Zentralak leporatu zion enpresari xantaia egitea eta urte eta erdiz negoziazioa blokeatu ondoren, presaka aritzea akordioaren bila.
LABen iritzia Tubacexen eskaintzari dagokionez argia izan da: "Aurkeztutako proposamenak hobekuntza ekonomikoak saltzea du helburu, baina benetan ez dute azken urteetan metatutako erosteko ahalmenaren galera konpentsatzen, eta oso urrun geratzen dira plantillak galdu duenetik. Eta hori guztia funtsezko gaietan benetako aurrerapenik eman gabe: eskubide sozialak, mugikortasunaren mugak edo enplegu-bermeak".
Aipatu beharra dago, halaber, azken hilabeteetan lanuzteak egin dituztela beharginek modu arrakastatsuan, lan hitzarmen duina aldarrikatzeko.