Arrastariako bizilagunak izan dira protagonista Otxomaioetako lehen larunbatean

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko maiatzaren 9a

Urduñako aginte makila jaso dute gaur Arrastariako bizilagunek, Otxomaioetako lehenengo larunbatean. Ohitura jarraituz, Antzinako Amaren Santutegira egin dute erromesaldia Artomaña, Tertanga, Aloria eta Delika herrietako auzokideek.

Arrastariako bizilagunek ez diote hutsik egin 1639tik etenik gabe ospatu duten tradizioari. Ohitura legez, Antiguako Amaren Santutegiraino segizioa egin dute Delika, Aloria, Artomaña eta Tertangako bizilagunek.

Ama birjinari botoak berritu ostean, Santutegiko atarian entradillak dantzatu dituzte lau herrietako gazteek. Jarraian, erromesaldian jaitsi dira hirira.

Hiriko makila Arrastariako bizilagunen esku

Hiriko sarreran zain zuten Iker Santocildes alkatea, eta honek Urduñako aginte makila eskaini dio Alberto Quincoces Tertangako alkateari, Arrastariako bizilagun guztien ordezkari. Aginte makilak trukatuta, La Posada tabernaraino egin dute bidea, eta bertako balkoitik hartu dute hitza agintariek.

Arrastariako bizilagunen aldarrikapen bati jarri dio ahotsa Quincocesek balkoitik eskainitako hitzartzean. Delika, Aloria, Artomaña eta Tertangako adineko pertsonek Urduñako Nagusien Egoitzan artatuak izateko eskubidea aldarrikatu du, "gure nagusiak zaindu, aurreko belaunaldiek egindako lana aitortu eta erroak gal ez ditzaten".

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide