Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Kultura ildoak igande bizia gozatzeko proposamena egingo du sorkuntza, natura, gorputza eta gozamen intelektuala batzeko asmoz, betiere euskara ardatz izanik. Basa zikloaren bigarren saioa baliatuko dute horretarako, lehenengoa apirilaren amaiera egin ondoren.
Egitaraua eskualdeko bi puntutan egikarituko dute. Alde batetik, Delikan eta, bestetik, Faktorian. Hain zuzen, 10:00etan izango da ongietorria eta tailerraren aurkezpena Delikan, eskola zaharretan. Ondoren, Maia Permakultura proiektua eta permakulturaren etikak eta printzipioak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Ivan Tellaetxe Ulesik bideratuko du tailerra.
Berez, permakulturak praktika eta filosofia batzen ditu, eta, finean, bizitza ekologiko eta jasangarrirako diseinu-sisteman datza, landareak, animaliak, pertsonak, eraikinak eta komunitatea integratzen dituena. Hiru etika nagusitan oinarritzen da: lurraren zaintza, pertsonen zaintza eta bidezko banaketa.
Basoan ibilaldia eta behaketa
Eguerdian, Gorputza eta Paisaia izeneko praktika saioa egingo dute basoan barrena. Behaketa prozesua landuko dute parte-hartzaileek, naturarekiko eta gorputzarekiko lotura sakontzeko helburuarekin.
Azken helburua da permakulturaren oinarriak kulturgintzara eramatea eta elkar elikatu eta zainduko duen sorkuntza sistema irudikatzea.
Azken helburua da permakulturaren oinarriak kulturgintzara eramatea eta elkar elikatu eta zainduko duen sorkuntza sistema irudikatzea.
Delikan amaitzeko bazkaria eta ospakizuna egingo dute, gero Faktoriara jotzeko.
Jarduerak Laudion
Ainhoa Apeztegia eta Garazi Idirinen egonaldietako sorkuntzen saio irekia egingo dute arratsaldean Faktorian, 17:00etan. Memoria, ibaiaren ertzen urruneko harremana, gauak barnean dituen irudiak edota euskarak nola gorpuzten gaituen esploratu dute artista gazteek, besteak beste.
Ondoren, 18:30ean, Formol Laborategiak Heriotzak Eduardo du izena poesia-eszenako pieza aurkeztuko du. Biziei ere omen liburuko poemetatik abiatuta sortutako lana da eta, taldearen hitzetan, “poesia ez-errezitaldia” da.
Sarrerak honako prezioetan egongo dira eskuragarri: bazkideentzat 8 euro, ez-bazkideentzat 10 euro, eta langabetu zein ikasleentzat 6 euro. Horrez gain, interesdunek 633 51 73 83 telefono zenbakira deitzeko aukera izango dute, bai informazio gehiago eskatzeko, zein Delikako ekintzen kokapenari buruz galdetzeko.